Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

BELTZ, BELTZ, BELTZA


Infantil mailako neskena izan da garaipen bakarra


UROLA EK ANTONIO ARANZADIk igande goizean jokatu beharra izan zuen Federazioaren arautegiak horrela diolako eta ez zitzaion batere ongi joan, azken jardunaldietako bolada ona eten bai zuen, Eibarren 26-21 galduz. Erasoan ez ziren fin aritu eta jaurtiketa argiak hutsegin zituzten. Defentsan hobeto aritu arren ez zen nahiko izan armaginak menperatzeko. Galdu arren sailkapeneko bosgarren postuan jarraitzen dute Iker eta Jonek entrenatutako mutilek eta dagoenekoz jetsierako mamu guztiak uxatu dituzte. Datorren asteburuan ligari amaera emango diote legazpiarren aurkako derbiarekin.


Jubenil mailako UROLA EK LAZTIMENDIk partida zaila zuen larunbatean Donostiako Egia auzoan. Ligan ere gogotik borrokatu behar izan zuten garaipena lortzeko eta oraingoan ere horrela egin arren ezin izan zuten emaitza errepikatu. Denbora hutsean zela jasotako penalti eztabaidagarri batez galdu zuten Ikerren mutilak (30-29). Lehia parekatu, borrokatu eta bizia ikusi zen Egiako kiroldegian. Taldeak txandaka agindu zuten markagailuan eta azkenik txanpona donostiarren alde erori zen. Epailearen lanak zeresana eman zuen bi taldeentzat, baina kaltetuenak hori-urdinak izan ziren eta gureak ez ziren gozo etorri. Pasatakoa ahaztu, zutitu, eta datorren lehian pentsatzea besterik ez da geratzen, datorrena ere ez da samurra izango eta.


Bazirudien jubenil mailako nesken taldean min-hartutakoak osatuz zihozela, baina berriz ere zortzi jokalariz aritu behar izan zuten Ordizian. Hori gutxi balitz, gure piboteak min hartu zuen eskumuturrean eta partida utzi beharrean izan zen atsedenaldira iristeko gutxi falta zela. Horrela punturik urratzea ezinezkoa izan zen Jorge eta Alainen neskentzat. Lehen zatian UROLA EK AIKER-ACADEMIA ANAko neskak nagusi izan ziren eta errenta erosoak izan zituzten une oro, atsedenaldira 5-10 iritsi zirelarik. Bigarrengoaren tarte handi batean gure neskak abantaila gordetzen asmatu zuten, baina nekeak, etxekoen joko gogorrak eta epaileen permisibitateak gehiegizkoak izan ziren eta amaieran amore eman behar izan zuten, 18-15.


UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZAko mutilek derbia zuten igandean Legazpin. Lehen zatia borrokatua izan zen, defentsak erasoeri gailendu zitzaielarik eta horrela 13-10 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarrengoan antzera hasi zen, baina gure mutilak beste martxa bat sartzen saiatu zirenean, presaz aritu ziren eta horrek hanka-sartzeak ekarri zituen. Legazpiarrek akats horiek baliatu zituzten markagailuan alde egiteko. Azkenean 31-21 bizilagunentzat.


Infantil mailako neskak izan ziren Klubarentzat garaipen bakarra lortu zutenak (15-13). UROLA EK GOIERRIBUSeko neskak lau goleko aldea lortu zuten eta partida erraza izango zelakoan lasaitu egin ziren. Erlaxazio horrek ondorioak izan zituen eta urnietarrak berdinketa lortu zuten atsedenaldira iristerako. Bigarren zatian Imanolen neskak beste jarrera bat erakutsi zuten. Seriotasun gehiagorekin eta grina handiagoarekin jokatuz, markagailuan aurrea hartu zuten berriz ere eta gero emaitza eta jokoa kudeatzen jakin zuten, horretan Uxuek atepean egin zuen lanak zerikusi handia izan zuelarik.

Beste emaitzak:

Jubenil gizonezkoak: UROLA EK SUPER BM 20 - CDB Leizaran 32

Kadete emakumezkoak: UROLA EK 7 - Bartolo Jatetxea ZKE 27

Infantil gizonezkoak: UROLA EK SUPER BM 22 - Algorri taberna Pulpo 23