OPORRAK HARTZEKO GARAIA
Oraingoan ere porrot dexente. Atsedenaldia ondo etorriko zaigu indarrak berritzeko.
Lurraldeko Lehen Mailako denboraldia amaitzeko, UROLA EK ANTONIO ARANZADIko taldeak derbia zuen legazpiarren aurka eta ezin izan zuen garaipen batekin amaitu auzokoak gol bakar batez nagusitu bai ziren (19-20). Partida hasieran La Sallekoek erraz nagusituko zirela zirudien, zazpigarren minuturako 1-6 aurreratu bai ziren. Apurka-apurka, ordea hori-urdinak bere jokoa sendotu zuten eta markagailua estutzeko gai izan ziren, atsedenaldira 9-10 iritsi zirelarik. Bigarrengo zatia orekatua izan zen. Erdialdera Urretxu-Zumarragakoek hamalauna berdintzea lortu zuten, baina aurretik jartzeko ez ziren gai izan. Azken baloi jabetza ere izan zuten gure mutilek, baina presaren presaz ez zuten berdinketa lortzerik izan.
Bigarren urteko jubenil mutilak partida polita jokatu zuten multzoko lider eta ligako txapeldun izan zen Usurbilen aurka. Norgehiagoka estua eta lehiatua eskaini ziguten bi taldeek larunbata arratsaldean Ispillan. Ondo aritu ziren Ikerren mutilak erasoan, ez horrenbeste defentsako lanetan eta lorturiko bost goleko aldea galdu zuten bigarrengo zatian. Norgehiagoka osoan atzetik izan ondoren, azken unean bisitariek aurretik jarri ziren eta gure mutilek ez zuten asmatu berdinketa ezartzen. Amaieran 34-35 usurbidarrentzat.
Berdinketa lortu zutenak maila bereko neskak izan ziren. Eta ez da gutxi atsedenaldian bost goleko desbantaila zutela kontuan izaten badugu. Ez zuten lehen zati txukuna egin Alain eta Jorgeren neskak, baina bigarrengoan egoera iruauli eta amairarako bi segundo falta zirela 21nako berdinketa ezarri zuten.
Garaipen erosoa lortu zuten larunbatean UROLA KE LUIS ANGEL ITURGINTZAko mutilek Elgoibarrera eginiko bisitan. Defentsako lan onean oinarrituz beti izan ziren aurretik markagailuan, atsedenaldira 5-14 iritsi zirelarik. Bigarren zatian elgoibartarrak buruhauste gehiago eman zizkien, baina hala ere, abantailak handitzen jarraitu zuen, oraingo honetan erasoan baloia ondo eta azkar mugitu zutelako. Aipagarria, gertatzen den lehen aldia ez izan arren, taldekide guztiak gola sartu izana. Azken emaitza 18-33.
Klubeko gaztetxoenak ez zuten lehia erraza multzoko bigarren sailkatuaren, Tolosa CFaren, aurka. Hala eta guztiz ere ondo lehiatu ziren Julen eta Arkaitzen mutilak eta gauzak estu jarri zizkien tolosarrei, une oro partida barruan izan zirelarik. Azken laurden erabakiorrera hamairuna berdindurik iritsi ziren, baina orduan urduritasunak hartu zituen hori-urdinak eta ez zuten azken laurden hori jokatzen asmatu. Hori baliatuz tolosarrek hiru goleko aldea lortu zuten. Amaieran 16-19 bisitarientzat.