GUREAN LAINO BELTZAK
Asteburuan eguraldiak hobera egin duen arren, Klubean eguzki izpi gutxi
UROLA EK ANTONIO ARANZADIko mutilak garaipen garrantzitsua lortu zuten larunbat goizean. Erabateko partida jokatuz, 34-28 garaitu zuten sailkapeneko laugarrena, Irungo Goser-Goiber, eta aurreko jardunaldian erakutsitako hobekuntzari jarraipena eman zioten. Hasiera orekatu baten ondoren bazirudien irundarrak nagusitzen hasiak zirela, bi goleko aldea lortu bai zuten, baina Iker eta Jonen mutilek lehen zati horren azken txanpan markagailua irauli zuten (15-14). Bigarrengoan, erabat nagusituz, norgehiagoka kontrolpean izan zuten eta markagailuan beti izan ziren aurretik, apurka-apurka tartea handituz joan zirelarik. Min hartutako jokalari batzuk osatuz doaz eta hori jokoan nabari da. Ea jarraipena duen. EUTSI MUTILAK !!!
Bigarren urteko jubenil mutilak jokalari gutxirekin aritu ziren igandean, goizean-goiz, Eibarren. Hori ez zen eragozpen izan garaipen eroso (21-28) bat lortzeko. Une oro nagusi izan ziren, batez ere hasierako 5-1 defentsa, 6-0 bihurtu zutenetik. Hor apurtu zen ordura arteko oreka eta Ikerren mutilak eibartarrak baino gehiago izan ziren. Hori-urdinak gehien komeni zitzaien erritmoa ezarri eta garaipen lasaia lortu zuten.
Lehen urtekoak, berriz, ezin izan ziren nagusitu legazpiarren aurkako derbian eta 22-29 galtzaile suertatu ziren. Lehen zatiaren erdialdean legazpiarrak tartetxo bat ireki zuten eta hortik aurrera markagailuarekin jokatu zuten. Gure mutilak gogoz saiatu ziren eta tarteka jokaldi politak burutu bazituzten ere, ahalegina ezerezean geratu zen. Partida honetan epaileak ezbeharra izan zuen, jokalari hori-urdin batekin tuputs egin ondoren, begi-ertzean ebakia egin zuen eta partida utzi beharrean izan zen. Jokalariak ere ezin izan zuen jarraitu.
Zorigaiztoak jubenil nesken artean habia egina duela dirudi. Min hartutakoak direla eta, soilik zazpi jokalariz osatutako taldea bete ahal izan zuten larunbatean Zarauzko Amenabarren aurka lehiatzeko. Hori gutxi balitz, norgahiagoka hasi eta berehala Miren Mugerzak min hartu zuen txorkatilean eta ezin izan zuen jarraitu. Partida osoan jokalari bat gutxiagoz aritzeak gehiegi izango zelakoan, Noelia hegalean eta Miren atezain jartzea erabaki zuten Jorgek eta Alainek. Mirenek, minez, ezin izan zuen luze iraun eta azkenik ikusleen artean zegoen Jone Alberdi jarri zen atezain. Egoera honen aurrean gure neskak ez zuten lehiatzeko inungo aukerarik izan. Hala eta guztiz ere gorputz eta arima aritu ziren ahalik eta emaitzarik onena lortzeko eta harmailetan bildutako guztiek hori-urdinen ahalegina txalotu zuen, batez ere Noeliak gola lortu zuenean edo Jonek, kontreraso batean, izugarrizko geldiketa egin zuenean.
LUIS ANGEL ITURGINTZAko mutilak gol bakar batez galdu zuten Arrasatera eginiko bisitan. Partida berdindua eta orekatua izan zen. Atsedenaldira bi goleko desabantailaz (13-11) iritsi arren, bigarrengoan buelta eman zioten eta amaierarako hamar minutu falta zirelarik hiru goleko aldea zuten Nagorek eta Alexek entrenatutako mutilek. Ez zuten abantaila kudetzen asmatu eta amaieran 30-29 belaunikatu behar izan zuten. Aipagarria azken bi astetan emaniko hobekuntza. Erasoan baloia hobe mugituz eta defentsan sendotasun gehiago erakutsiz taldeak beste itxura bat du. Gorka Gaztañagaren lana azpimarratu nahi genuke, hegalekoa izan arren gol asko daramatza eta lan ona egiten ari da. Hau da jarraitu beharreko bidea, animo mutilak !!!
Infantiletan norgehiagoka bikoitza izan zen igandean UROLA EK eta Bidasoaren artean, mailako neska eta mutilak Ispillan neurtu bai zituzten indarrak, batzuk besteen atzetik. Bietan irundarrak irten ziren garaile, 10-14 nesketan eta 23-27 mutiletan.