HANDIA EGIN DUTE ITXAKOK ETA BERA BERAK
Hamahiru goleko aldeaz irabazi behar zuten Lizarrakoek, eta hamabikoaz Donostiakoek; bi taldeek lortu dute EHF Kopan eta Errekopan aurrera egitea.
Balentria egin zuten asteburuan euskal eskubaloi taldeek Europan. Itxako EHF Kopako final laurdenetan da, igandean Turkiako Cankaya Bel Ankara taldeari 36-23 irabazi eta gero. Larunbatean 37-24 galdu zuten Lizarrakoek, eta hamahiru goleko aldeaz irabazi behar zuten atzo kopan aurrera egiteko; baita lortu ere.
Beste horrenbeste egin zuen Bera Berak Errekopan. Ez zuten partida erraza donostiarrek, 32-20 galdu baitzuten Poloniako Vistal Lcazpol Gdyniaren aurka. Reyes Karrereren neskek 29-17 irabazi zuten igande eguerdian jokatutako partidan, eta etxetik kanpo gol gehiago sartzeari esker, Errekopako final laurdenetara igaro da Bera Bera.
Zozketak egin berri dituzte, eta bi euskal taldeek etxean jokatuko dituzte joaneko partidak. Alemaniako txapelduna egokitu zaie donostiarrei (Thueringer), eta Errumaniako talde indartsua nafarrei (Zalau). Litekeena da nafarrak, gastuak murrizte aldera, final-laurdenetako kanporaketa ere etxetik kanpo jokatzera.