Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

2013 ko LEHEN JARDUNALDIA, KASKARRA


Gabonetako oporren buelta ez da ona izan Klubeko taldeentzat, bederatzi partidetan soilik bi garaipen lortu bait ditugu.


UROLA EK ANTONIO ARANZADIko mutilek, legazpiarren aurkako derbian galtzaile suertatu ziren, 21-18. Gure lehen taldea hotz antzean ekin zion partidari, baina Ikerrek eta Jonek hutsartea eskatu ondoren eta Aizpuru atezainaren lan bikainari esker, apurka, partidan sartzen joan ziren, atsedenaldira bi goleko desabantailaz iritsi zirelarik, 10-8. Jarraipenean etxekoak mailako liderrak zergatik diren erakusteko asmoz kantxaratu ziren eta berriz ere tartea zabaldu zuten markagailuan. Hala eta guztiz ere, gure mutilek ez zuten amorerik eman eta, gogo biziz borrokatuz, aldea bi goletara murriztu bazuten ere, beranduegi zen.

Jubenil gizonezkoen mailan gure bi taldeak neurtu zituzten indarrak larunbatean eta ezinezkoa zen biak garaile izatea. Bigarren urtekoak erraztasunez nagusitu ziren, gaur egun bi taldeen arten dagoen maila desberditasuna agerian utziz. Lehen zatian, gazteenak noraezean aritu ziren, urduri eta asmatu ezinik. Bigarrengoan ordea, hobeto aritu ziren, beste itxura bat eskainiz, eta Orbegozo eta Aperribayren gidaritzepean eta Pérez atezainak eginiko geldiketa batzuekin “anai zaharrenei” aurre egin zieten. Azken hauek berriz, garaipenarekin Gipuzkoako Ligako txapeldunordetza ziurtatu zuten. Orain, bi aste barru hasiko den Forualdundiko Txapelketaren zai geratu dira bi taldeek.

Maila bereko neskak irteera zaila zuten asteburuan. Alde batetik, Gipuzkoako txapela jazteko borrokan ziharduen Usurbili egin zioten bisita eta bestetik, lesioak direla eta, talde murritza aurkeztu ahal izan zuten. Horrela ezinezkoa izan zitzaien punturen bat urratzea. Usurbildarrak nahiko eroso aritu ziren partidan eta hori-urdinak gerturatzen zitzaienean estutu, eta berriz ere tartea zabaltzen zuten. Amaieran 25-18. Hala ere, UROLA EK AIKER/ACADEMIA ANA taldeko neskak harro egoteko muduko txapelketa egin dute eta izan dituzten eragozpen guztiei aurre eginez, Gipuzkoako Ligako hirugarren postua eskuratu dute. BEJONDEIZUELA, NESKAK!!!

Kadete mailako neskak ez zuten ezer egiterik izan Zumaiako Zalla Tabernaren aurka. Lehen hamar minutuetan lehia oso orekatua izan zen, baina zumaiarrak lekutu eta asmatzen hasi zirenean nagusi izan ziren. Aspaldi nengoen gure neskak jokatzen ikusi gabe eta denboraldiaren hasieratik hobera egin dutela iruditzen zait. Kantxan ondo kokatuta izan ziren bitartean aurkariei aurre egiteko gai izan ziren, baina oraindik lekua erraz galtzen dute. Baloia mugitzean ere beste itxura bat eman zuten. ANIMO NESKAK ETA EUTSI !!!

Infantil mutilak Zarauzen jokatu zuten 2013ko lehen partida eta poltsikoan bi puntu ekarri zituzten Urretxu-Zumarragara, 30-37 garaile izan bai ziren. Morandarren mutilak boladaka aritu ziren, tarteka txukun eta tarteka asmatu ezinik. Amaiera aldera, eta aldeko tarte polita izanik, presaka aritu ziren, norgehiagokari erritmo ezarri ezinik. Garaipen honekin UROLA EK SUPER BMko gaztetxoak sailkapeneko hirugarren postuan dira, amaitzeko bi jardunaldi falta direlarik.

Urte berriarekin batera, Klubeko gaztetxoenak Ligari ekin diote. Alebin mutilen taldea Tolosan izan zen igandean eta porrotarekin (13-8) bueltau ziren. Aiapuru eta Maniegaren mutilek urduri hasi ziren, asmatu ezinik eta ate aurrean hutseginez. Apurka lasaitu, lekutu, eta lehia orekatzeko gai izan ziren (zazpina hirugarren zatiaren amaieran) Azken laurdeneko baloi galera batzuk aldea zabaltzeko aukera eman zien tolosarrei eta ordundik aurrera gure mutilek ez zuten jokoa kudeatzen asmatu, partida orekatzeko presaren-presaz aritu ziren eta horrek hutsegite gehiago ekarri zituen. Gaztetxoak joko honen hastapenetan daude eta emaitzen gainetik garapena eta ikasteko gogoa jarri behar baditugu, gureak bide onetik doazela dirudi, hobekuntza polita izan bait dute. Horrela emaitzak ere etorriko dira. ANIMO MUTILAK !!!