Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

PARTIDA GUTXI ABENDUKO ASTEBURU LUZEAN


Soilik jubenilak, mutilak eta neskak, eta kadete neskak jokatu zuten. Emakumezkoak jardunaldi bikoitza izan zutelarik.

UROLA EKeko kadete emakumezkoak Eibarren jokatu zuten ostegunean eta 23-6eko porrotarekin egin behar izan zuten itzulerako bidaia. Igandean beraiei dagokien mailan jardunaldia izan arren, gure neskei atsedena egokitu zitzaien.

Jubenil emakumezkoak ere jardunaldi bikoitza izan zuten asteburu luzean eta bi norgehiagoketan galtzaile izan ziren. Ostegunean astidu ederra hartu zuten (23-12) Zarautzen Aiala “B”ren aurka. Jokalari gutxirekin joan ziren hori-urdinak eta partidan Jone Alberdik eta Miren Mugerzak (animo neskak!) min hartu zuten orkatilean. Horrela, oso aldapaz gora egin zitzaien partida. Igandean Usurbil genuen bisitari Ispillan eta ez genuen batere partida onik ikusi. Kantxan aritu ziren denak (jokalari, entrenatzaile, epaile...) hotz eta asmatu ezinik aritu ziren. Bi taldeek murriztuta zeuden, jokalari gutxirekin, jokalariak ohiko postuetik at... eta horrek eragina izan zuen jokoan. UROLA EK AIKER ACADEMIA ANAko neskek ez zuten amorerik eman eta une oro partidan sarturik izan baziren ere, ezinezkoa egin zitzaien aldeko emaitzik lortzea. Amaieran 14 eta 17.

Lehen urteko jubenil gizonezkoak Bergaran zuten norgehiagoka eta, beste behin, porrotaren zaporea dastatu zuten. Sailkapenean behealdean zeuden bi talderen arteko norgehiagoka zen igandekoa, eta UROLA EK SUPER BMko mutilek esperantzaz beterik abiatu baziren ere, esperantza horiek hutsean geratu ziren 31 eta 20 galdu bait zuten.

Bigarren urteko jubenil gizonezkoak Ispillan jokatu zuten igandean nesken ondorengo norgehiagokan eta, partida borobilik egin ez bazuten ere, garaipena lortu zuten Ordiziako Talleres Arri 39 - 30 menperatuz. UROLA EK LAZTIMENDIko mutilek partida osoan izan ziren aurretik markagailuan eta garaipena ez zen inoiz arriskuan egon, baina zerbait falta izan zitzaien, batez ere defentsako lanean. Igandera arte batezbesteko hemeretzi gol jasotzen zituztela kontuan izaten badugu, jasotako hogeita hamarrak gehiegitxo iruditzen zaizkigu, eta defentsan sendotasuna falta izan zitzaienaren adierazgarri izan daiteke. Txapelketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan Ikerren mutilen helburua bigarren postua lortzea izan behar du (lehena oso zaila bait dago) eta horretarako funtsezkoa izango da datorren asteburuan Hondarribian irabaztea.