SANTA LUTZI ONDORENGO AJEA ?
Jokaturiko zortzi partidetan, bost porrot eta hiru garaipen.
Lehen taldeak, bigarren astean jarraian, azken unean jasotako gol batez galdu zuen, oraingoan Eibarko Haritzaren aurka. UROLA EK A ARANZADIko mutilek, alde txikiarekin bada ere, ia partida osoan izan ziren aurretik, baina aulkian jokalari gutxi izateak ordaina ekarri zuen. Amaitzeko hogeita zortzi segundu faltan gure mutilak aurretik ziren arren, epailearen erabaki eztabaidatsu batzuk eta Iker eta Jonek entrenatutakoen joko kudeaketa kaskarrak ordura arte eginikoa hondatu zuten. Amaieran 29-30 eibartarrentzat.
Bi garaipenekin jubenilena izan zen mailarik emankorrena. Neskak Ereintzaren etxean zuten norgehiagoka irabazi zuten (19-22). Jorge eta Alainek zuzendutako taldeak zazpi jokalarikin soilik egin zion aurre partidari eta ezinezkoa zirudiena egia bihurtu zuten. Lehen zatian erasoan ondo aritu arren, ez zuten defentsako lanetan guztiz asmatu eta atsedenaldira bi goleko desbantailaz iritsi ziren. Bigarrengoan ordea, gauzak zailen zeudela ematen zuenean, UROLA EK AIKER-ACADEMIA ANAko neskak, azken indarrak eginez, ez zuten amorerik eman eta, apurka-apurka, markagailua berdindu eta aurretik jarri ziren. Azken uneak tirabira handikoak izan ziren, baina etxekoen ezintasunak eta gure nesken defentsa sendoak bi puntuak Urretxu-Zumarragarantz jarri zituen. Garaipen honekin hori-urdinak Gipuzkoako Ligako hirugarren postua ziurtatu dute, eta lesioengatik ez balitz postu hobeengatik borrokan jardungo zuten.
Bigarren urteko jubenil mutilak aurretik espero zitekeen baino garaipen erosoagoa lortu zuten Hondarribian. Ikerren mutilek defentsa-lan sendo batean oinarritu zuten garaipena. Lehen zatian bost gol bakarrik jaso zituzten (horietako bi lehen bi minutuetan) 5-15 amaitu zutelarik. Bigarrengoan, gol kopuru handiagoa jaso arren, joko onak jarraipena izan zuen eta partida kontrolpean zutelarik, garaipen bikain bat (17-31) lortu zuten UROLA EK LAZTIMENDIkoek.
Lehen urteko mutilak berriz, ezinean jarraitzen dute. Oraingoan multzoko oilarretako bat zuten arerio eta gogoz ahalegindu arren ezin izan zuten elgoibartarrekin, 27-41 galdu bai zuten.
Kadete mailako bi taldeek esku hutsik amaitu zuten asteburua. Neskak, entrenatzaile aldaketa barne, denboraldiko neurketa estuena jokatu zuten. Hala eta guztiz ere ezinezkoa egin zitzaien Egia mendean hartzea eta lehen garaipenaren atarian geratu ziren. (10-12)
UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZAko mutilek Eibarren jokatu zuten larunbatean. Lehen zatia orekatua izan bazen ere, azken minutuan jasotako penaltiak eta erasoan galdutako baloia batek bi goleko aldea eman zien armaginei. Bigarren zati ero batean, erasoan eginiko akatsak eta epaileek hartutako erabaki batzuk partida baldintzatu zuten. Etxekoek sei goleko aldea ere izan zuten, naiz eta amaieran Nagore eta Alexen mutilak laura (27-23) murriztu.
Infantiletan garaipen bat eta porrot bat. Azken hau UROLA EK GOIERRIBUSeko neskak paraitu zuten. Larunbata goizean Aloñakoak hartu zituzten Ispillan eta oñatiarrak 5 eta 18ko argi batez gailendu ziren.
Asteburuko hirugarren garaipena UROLA EK SUPER BMko gaztetxoen eskutik etorri da. Igande goizean Ordiziara eginiko bisitatik bi puntu ekarri zituzten ordiziarrak 11-29 menperatuz. Garaipen honekin beraien mutzoan sailkapeneko lehen erdian kokatu dira Moranen mutilak, jokoan hobera nabarmena egin dutela ziurtatuz.
Alebin mutilak berriz beraien debuta prestatzen jarraitzen dute. Igandean Oñatin izan ziren lagunarteko partida jokatzen eta gol bakar batez, 17-16, galdu bazuten ere prestakuntzan beste aurrera pauso bat egin zuten. Laster dator egun handia, animo mutilak!!!