Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

AZKEN ASTEBURUAN BEZALA, LAUNA GARAIPEN ETA PORROT


Badirudi emaitza hobexeagoak egonkortzen ari direla


Talde nagusiak, Tolosan bigarren zatian erakutsitako grina eta kemenari jarraipena emanez, garaipen garantzitsua lortu zuen Ordiziaren aurka. Partida lehiatua, borrokatua, sutsua... ikusi genuen larunbat arratsean Ispillara gerturatu ginenok. Jon Mendia eta Iker Hernándezek entrenatutako mutilek gogotsu aritu ziren defentsako lanetan eta eraginkor erasoan. Ondorioz, partida osoan aurretik izan ziren. Tarte handiena lehen zatiaren hemezortzigarren minutuan izan zuten, 13-6. Ordiziarrek, ordea, ez zuten amorerik eman eta apurka-apurka aldea jaten joan ziren, bigarren zatiaren erdi aldera bi goletara jarri zirelarik. UROLA EK ANTONIO ARANZADIko mutilek ez ziren urduritu eta azken ahalegin batean berriz ere markagailuan alde egin zuten eta 32-28ko emaitzaz nagusitu ziren.

Jubenil mailari dagokionez bi garaipen eta porrot bat izan ditugu. Bigarren urteko jubenil mutilak, UROLA EK LAZTIMENDIkoek, erraz nagusitu ziren Zarauzko Amenabarren aurka. Badirudi beraien ohiko jokoa berreskuratu dutela eta partida oso batean aise, 35-15, menperatu zituzten kosta aldekoak. Garaipen honi eta beste emaitzei esker, sailkapeneko hirugarren postura igo dira eta datorren asteburuan bigarren dagoen Egiari egingo diote bisita, hobekutza benetakoa dela froga-harri ona izango da.

Lehen urteko jubenilak berriz, garaipenik lortu gabe jarraitzen dute. Oraingoan Eibarren aurka galdu dute 28 eta 15. Datorren asteburuan ere erronka zaila dute liderra bait dator bisitan Ispillara.

Lehen faseko azken jardunaldian jubenil emakumezkoak bosgarren garaipen jarraian lortu zuten Gasteizen. UROLA EK AIKER-ACADEMIA ANAkoek hirugarren amaitu dute lehen fase hori eta datorren asteburuan Gipuzkoako Txapelduna nor izango den erabakiko duen bigarren faseari ekingo diote. Bertan, multzoko lau lehenak lehiatuko dira eta erronka zaila izango den arren azken astetan emaniko mailak baikor izateko beta ematen digu. Ea min hartuta dauden neskak lehenbailehen osatzen diren.

UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZAko mutilek ere ligaxkako azken partidua zuten larunbatean Ordiziaren aurka eta ezin izan zuten garaipenarekin amaitu. Lehen ordu laurden berdindu baten ondoren, ordiziarrek abantaila hartu zuten eta aurrerantzean gure mutilek buruarekin baino bihotzarekin aritu ziren eta horrela zaila da asmatzea. Amaieran 30-22. Erasoan geroz eta tarte gehiago zabaltzen dituzte, baina defensako lanetan zailtasun handiak dituzte. Bigarren faseak hobetzeko tartea eskainiko die. ANIMO MUTILAK !!

Kadete emakumezkoak hasiberrien akatsak egiten jarraitzen dute (paseak hutsegin, arautegiaren urratzeak, sendotasun gutxi, konfiantza eza...) eta horrek aurkariei abantaila handia ematea da. Alde onean ikasteko duten gogoa, adierazten duten ilusioa, batzutan egiten dituzten barneraketak... Hurrengo asteburuan ligako bigarren faseari emango diote hasiera eta hor maila beretsuko taldeak izango dituzte aurkari eta lehia borrokatuagoak. EUTSI NESKAK !!!

Larunbata goizen infantilen txanda izan zen. Lehenengo UROLA EK GOIERRIBUSeko neskak aritu ziren. Lehen zati txukun baten ondoren (atsedenaldian 7-6 aurretik ziren) bigarrengoan behera egin zuten. Bazirudien ideiak agortu zitzaizkiela, trabatuta aritu ziren eta azken uneko suspertzea ez zen nahikoa izan. Amaieran 10-13 bisitarientzat. Atsedenaldian taldekideek Nana, beraiekin entrenatzen izan den neska Sahararra, omendu nahi izan zuten. Nana etxera bueltatzear da eta, maitasun eta adiskidetasun gisa, taldeko kamiseta bat oparitu zioten. Laste arte Nana. Entrenatzaileek ere izan zuten bere oparitxoa, egun gutxi barru bien urtebetzea bai da.

UROLA EK SUPER BMko mutilek berriz, bigarren garaipena jarraian lortu zuten, oraingoan Legazpiko Argikiren aurkako derbian, 23 eta 20 nagusituz. Partida orekatu samarra izan zen, bi taldeek boladaka aritu zirelarik, baina azkenean Morandarrak zuzendutako taldea hobeto moldatu zen. Iazko denboralditik hobekuntza nabarmena egin du taldeak. Beste patxada, sendotasunarekin aritzen dira, zertan ari diren jakitun. HORRELA JARRAITU MUTILAK !!!