AURREKO ASTEBURUETAN BAINO EMAITZA HOBEAGOAK
Zortzi partidatan lau garaipen eta beste hainbeste porrot. Nabarmentzekoa, Infantil Emakumezkoak lortutako lehen garaipena
UROLA EK ANTONIO ARANZADIko mutilak ostiralean jokatu zuten Tolosan eta ezin izan zuten etxetik urruneko lehen garaipena lortu. Lehen zatian, hori-urdinak tolosarrek antolatutako sei-zero defentsa erasotzen ez zuten asmatu. Agian, lau minututan lau jokalariz aritzeak ere zerikusia izan zuen horretan. Bigarrengoan, ordea, egoera zeharo aldatu zen. Hamar minututan lorturiko 1-6ko partzialaz partida berdindu zuten. Hortik aurrera oreka izan zen nagusi. Jon Mendiaren mutilak aurretik jartzeko abaguneak izan zituzten eta bost minutu falta zirela lortu zuten lehen aldiz aurretik jartzea (24-25). Orduan, berriz ere, lau jokalariekin gelditu ziren kantxan eta hori zama handiegia izan zen gure mutilentzat. Hala eta guztiz ere azken jokaldian berdintzeko aukera izan zuten. Arrapaladan, ez zuten egoera ongi kudeatu eta tolosarrek bi goleko aldea lortzeko astia izan zuten, 27-25. Lastima... une batzuetan partida irabazteko benetako aukera izan bait zuten. Hala eta guztiz ere, bigarren zatian erakutsitako grina eta kemenarekin gelditzen gara, horela jokatuz gero puntu asko poltsikoratuko bait dituzte.
Iker Soraluzeren UROLA EK LAZTIMENDI erraz nagusitu zen (19-31) Andoainera egindako bisitan. Lehen unetik argi utzi zuten etxekoak baino gehiago zirela. Defensan sendo arituz (Arkaitz bueltan da) eta erasoan baloia arin eta ondo mugituz, berehala ireki zuten aldea markagailuan. Lehen zati osoan eta bigarrengoaren lehen erdian bizitasuna mantendu zuten, ez hala azken hamabost minutuetan, eta etxekoak lasaitze hori baliotu zuten markagailua zertxobait txukuntzeko.
Lehen urteko jubenil mutilak, denboraldiko lehen garaipena lortzeko aukera zuten, beraiekin batera sailkapenaren behe aldean dagoen Aloña Mendi hartzen bait zuten Ispillan. Esperantzak ordea horretan geratu ziren, Imanol Segurolaren mutilak 22-27 galdu zuten eta partidarik irabazi gabe jarraitzen dute. ANIMO MUTILAK !!!
Jubenil mailako neskak arerio gaiztoa zuten bisitari Ispillan, liderra bait zetorkien bisitan. Hala eta guztiz ere Jorge eta Alainek entrenatutako neskak, partida borobila jokatuz, Zarauzko Alaia “B” ZKE makurrarazi zuten. Taldeek txandaka agindu zuten markagailuan, baina amaieran UROLA KE AIKER-ACADEMIA ANAko neskak 23-20 nagusitu ziren. Hamabi gol lortuta, nabermentzekoa da Ane Elgarrestaren jarduna. Larunbatekoa jarraian lortzen duten laugarren garaipena izan zen eta dagoenekoz, Gipuzkoako Txapelketako azken faserako sailkapena lortu dute. Datorren asteburuan, Gasteizen, amaiera emango diote lehen faseari.
Harmailak inoiz bezala bete zituzten zaleen aurrean, kadete mutilak ezin izan zuten Urnietako taldea gainditu. Partida, hasieratik jarri zen aldapaz gora, hamargarren minuturako 3-10 galtzen bait zihoazen. Nagorek eta Alexek irtenbidea aurkitu nahiean eta, beti bezala, denei jokatzeko aukera eskainiz, aulkia mugitu zuten, baina aurkarien gorpuzkera handiagoaren eta maila hobearen aurrean makurtu behar izan zuten. UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZA taldeko mutilek urnietarren erasoak gelditzen izan zituzten zailtasun handienak, erasoan baloia nahiko txukun mugitu bait zuten, jokalari guztiek golen bat lortu zutelarik. Azkenean, 28-42 bisitarientzat.
Kadete neskei dagokoinez egur handi samarra jaso zuten (33-1) mailako talderik onenetako baten aurka. Gure neskak eskubaloian aritzen diren lehen urtea izanik, emaitzek ez dute horrenbeste garrantzi eta alde onei begiratu beharko diegu. Denboraldiaren hasieratik hobekuntza nabarmena izan da. Horrela, defentsan sendotasun gehiago dute eta baloia mugitzean pase gutxiago hutsegiten dituzte. Ea apurka erasoan sakontasun handiagoz aritzen hasten diren eta gol gehiago lortzen dituzten. ANIMO NESKAK !!!
Infantil mailako mutilak, zaharrenak bezala, Tolosan izan zuten partida eta denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten 17-30 nagusituz.
Larunbatean denboraldiko lehen garaipena lortuz, infantil mailako neskak asteburuko berri pozgarriena eman digute. Maila hauetan garrantzitsuena prestaketa eta heziketa direla argi dugu, baina noizean behin garaipen bat lortuz gero, errazago egiten dira beste lan mardul horiek. Aritzek eta Imanolek entrenatutako neskak gogotsu eta jarrera baikorraz ari dira entrenamentu eta partidatan eta horren ondorioz etorri da larunbatean Legapin 14-15eko estu batez lorturiko garaipena. Ildo beretik jarraituz gero besteren bat lortuko dute. ZORIONAK NESKAK ETA EUTSI HORRI !!! AUPA UROLA EK GOIERRIBUS !!!
Aurreko asteburuan Tolosan lagunarteko partida galdu ondoren, alebin mutilak kitarako partida izan zuten Ispillan igandean. Baina, oraingoan ere, urdinak izan ziren garaile, 11-18 nagusitu zirelarik. Julen Maniega eta Arkaitz Aizpururen mutilek zertzelada politak erakutsi zituzten, hala eta guztiz ere lehia hasi bitartean hobetu beharrean daudela argi geratu zen eta hori lan eginez lortzen da.