Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ETXEAN OTSO, KANPOAN USO


Bigarren asteburu luze honetan etxean jokatutako norgehiagokak irabazi ditugu eta kanpokoak galdu.


UROLA EK LAZTIMENDIko mutilek derbia izan dute Legazpiko Katiluren aurka eta Iker Soraluzek entrenatutakoak garaile irten dira. Hori-urdinek ez dute partida borobilik jokatu, boladaka aritu dira, une batzuetan nahiko txukun eta beste batzuetan pattal samar. Hala eta guztiz ere garaipena ez da inoiz arriskuan egon eta amaieran hamar goleko aldeaz, 31-21, nagusitu dira. Gure mutilak ez dabiltz fin. Denboraldi hasieran defentsan erakutsi zuten sendotasuna galdu dute eta erasoan motel, sakontasun gutxirekin eta pase asko hutseginez dabiltz. Ea pixkanaka beraien jokoa berreskuratuz joaten diren. Lerro hauetan Julen Blanco (partidan zehar txorkatilan min hartu duen jokalari legazpiarra) oroit nahi dugu: animo Julen! laster kantxan ikusiko zaitugu.

Jubenil mutilen aurretik, maila bereko neskak aritu dira Ispillan eta hauek ere garaipena lortu dute. UROLA KE AIKER-ACADEMIA ANA eta Urnietako neskek gol gutxiko partida arraro bat eskaini digute. Jorge eta Alainek entrenatutakoak hotz hasi dira eta hamar minutu behar izan dituzte lehen gola sartzeko. Urretxu-Zumarragakoak zehaztasun gutxirekin aritu dira eta bisitariak, ezer gutxi eginik, aurretik izan dira lehen zati osoan (5-7). Bigarrengoan gauzak aldatu egin dira, gure neskak defentsa zertxobait estutu, (bisitariek hamabi minutu behar izan dituzte gola lortzeko) erasoan asmatzen hasi eta joko distiratsurik egin gabe, 15-12 ziztrin batez nagusitu dira.

Gainontzeko taldeak (lehen urteko jubenil mutilak, kadete mailako neskak eta mutilak, eta infantil mailako neskak) Ispillatik urrun aritu dira eta ez dute uzta onik jaso, denak esku hutsik egin behar izan bai dute bueltako bidaia. Datorren asteburuan izan beharko du!!

Partidarik izan ez arren, lehen taldeko jokalariak lanean aritu direla aipatu beharrean gaude. Igandean, Zumarragako buzkantza lehiaketaren inguruan antolatzen diren ekintzetan laguntzen aritu dira, zehazki buzkantza pintxoak eta basoerdiak ateratzen. Eskubaloian bezain trebe aritu dira zerbitzari.