Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

GOZOTIK BAINO GAZITIK GEHIAGO ASTEBURU LUZEAN


Osteguneko jaia zela eta maila batzuetan (jubeniletan eta kadete emakumezkotan) jardunaldi bikoitza izan da. Horrela gure taldeek hamabi partida jokatu dituzte asteazkenetik igandera.


Larunbatean talde nagusiaren bigarren garaipenaz gozatu ahal izan genuen. CDB Leizaranen aurka 26-22 lortutako garaipenarekin, etxean jokaturiko norgehiagoka guztiak irabazi dituzte eta, lesioekin suerte apur bat izanez gero, talde zaila izango direla erakutsi zuten UROLA EK A ARANZADI taldeko mutilek. Ea hala den eta, aspaldiko partez, Jon eta Ikerrek entrenatutakoek lehiatzeko aukera izaten duten.

Bigarren urteko jubenil gizonezkoak asteazkenean jokatu zuten lehen partida Bergara KEren aurka eta norgehiagoka guztiz borobila jokatu ez arren, aise nagusitu ziren 34 eta 16. Larunbatean, berriz, gol baten aldeaz (29-28) makurtu behar izan zuten Elgoibarren. Lehen zatian Iker Soraluzeren mutilak aurretik izan ziren, alde txikiaz bada ere. Bigarrengoan etxekoek aurre hartu zieten UROLA EK LAZTIMENDIko mutilei, eta bazirudien norgehiagoka menpean zutela lau goleko aldea ere izan baizuten, baina gure mutilek, azken ahaleginean, markagailua estutu zuten berriz ere. Amaiera aldera, berdintzeko abaguneak izan zituzten baina ez zuten asmatu eta garaipena Elgoibarren gelditu zen. Akats horiek eta epaileen lanak, bi areatan ez zuten arautegia berdin ezarri, emaitza hobeago ekartzea ekidin zieten.

Lehenengo urteko jubenil gizonezkoak bi partidak galdu dituzte, ostegunean Egiaren aurka eta larunbatean Ordiziaren aurka. Alain Longasen mutilak zehaztasunik gabe eta asmatu ezinik aritu dira erasoan, pase eta jaurtiketa asko hutseginez. Defentsan, aurkarien piboteen jokoa menpean hartzea kostatzen bazaie ere, hobekuntza nabarmena izan da.

Jubenil emakumezkoak ere bi norgehiagoka jokatu dituzte asteburu luze honetan. Ostiralean Usurbil izan genuen Ispillan eta bisitariak, arlo askotan hobeak izan arren, gogoz lan egin behar izan zuten garaipena lortzeko, Jorge eta Alainek entrenatutako neskak estu hartu bai zituzten. Bezperako partidak utzitako sentsazio baikorrekin larunabatean Andoainera joan ziren UROLA EK AIKER AKADEMIA ANA taldeko neskak. Urretxu-Zumarragakoak hotz samar hasi ziren eta etxekoak markagailuan aurre hartu zieten. Apurka, lehenengo defentsa doituz eta ondoren erasoan asmatuz, partida orekatzea lortu zuten eta atsedenaldirako aurretik ziren markagailuan. Bigarrengo zatian, taldeko lanari eta defentsa sendo bati esker, partida kontrolpean izan zuten une oro eta garaipen garbi batekin itzuli ziren etxera.

UROLA EK FONTANERIA LUIS ANGEL taldeko kadeteek, partida osoan markagailuan atzetik izan ondoren, 25-30 galdu zuten Egiaren aurka. Martxogeroztik etxean galtzen duten lehen norgahiagoka izan da. Denboraldia ongi ekin ondoren, badirudi maila berriari neurria hartzea kostatzen ari zaiela, baina, orain arte bezala entrenatzen jarraituz gero, laster iritsiko dira beraien benetako mailara.

Infantil mailako mutilak porrota jasan behar izan dute Zarautzera eginiko bisitan. Lehen zati orekatu baten ondoren (8na atsedenaldian) ahul hasi dira bigarrengoan eta zarauztarrak bost goleko aldea lortu dute. Ordutik aurrera gaitza izan da Moranen mutilentzat partida orekatzea. Amaieran 24-21.

Infantil mailako neskak ari dira apurka-apurka hobera egiten. Oraingoz lehiatzen ikastea eta eskubaloiaren oinarrizko elementuak menperatzena da helburu nagusia, emaitzak bigarren maila batean geratzen direlarik.