Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

LASTIMA!

alt

Infantil Gizonezkoen taldeak, partida bikain bat jokatu arren, Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoa galdu du.


Ikerrek prestatutako mutilek Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoa jokatu dute igande honetan Tolosako Usabalen Ereintza “A”ren aurka. Errenteriarrak denboraldian jokaturiko partida gehienak erosotasunez irabazi dituzte eta beraiek ziren faborito, baina gure mutilek gauzak zail, oso zail jarri dizkiete. Horrela, markagailuan aurretik eroso lehen eta azken minutuan bakarrik izan dira.

Partida hasi berritan gure mutilek bi baloi galdu dituzte eta Ereintzakoak kontraeraso azkarrak burutuz 2 eta 0koa ezarri dute hogeita hamargarren segundorako. Hala eta guztiz ere gure mutilak ez dira kikildu, seriotasunez eta gogo biziz jokatuz, lehia orekatzea lortu dute, launa hamargarren minutuan eta gol bateko desabantaila zuten (6-5) lehen herenaren amaieran.

Bigarren herena ongi hasi da UROLA KE PREMANKentzat. Atezainak jaurtiketak gelditu ditu, defentsan sendo eta erasoan eraginkor jokatuz, seigarren minuturako aurretik ziren (7-8). Joko maila mantenduz, pixkanaka, zuloa handitzen joan dira eta herena amaitzeko bi minutu faltan lau goleko aldea zuen (10-14). Orduan Ereintzakoek zelai osoan presioa egin eta gure mutilen bi baloi-galtzea behartuz, tartea gol batera murriztea lortu dute, 13 eta 14.

Hirugarren eta azken herena berdinduago izan da. Inongo talderik ez da nagusitu, baina gureak izan dira markagailuan agindu eta jokoaren ekimena eraman dutenak. Herenaren erdialdera horitxoek bi goleko errenta lortu dute, baina aurkariak, beste behin, presioa egin eta, partida amaitzeko bost minutu falta zirela, 23nako berdinketa ezarri dute. Dena erabakitzeke zegoen eta UROLA KEko mutilek gogor saiatuz aurretik ere izan dira, baina azkenaldira baloi pare bat galdu dituzte eta aurkariak golak egiteko baliatu ditu partida erabakia utziz, amaieran 28 eta 25 Ereintzaren alde.

Igandeko partidarekin denboraldi ofiziala amaitutzat eman daiteke, naiz eta oraindik partidaren bat ( lagunartekoa edo kadete taldearekin batera hurrengo denboraldia prestatuz) jokatu behar izan, une aproposa da balantzea egiteko.

Infantil Gizonezkoek egin duten denboraldia oso ona izan da. Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoenetara sailkatzea goraipatzekoa da. Gipuzkoako, gutxienez, laugarren taldea izatea lorpen bikaina da. Baina, batez ere maila honetan, denboraldiaren balioztatzea lehian lortutako lorpenetan bakarrik oinarritzea ez da egokiena. Badira beste arlo asko kontuak izatekoak eta horietan ere gureak bikain aritu dira.

Beraien joko mailaren bilakaera agerikoa da. Mutilek “hazi” egin dira eta asko ikasi dute, denboraldi hasieran baino dezente hobeak dira, gehiago eta hobeto jokatzeko gai dira.

Jokalarien konpromiso maila, jarrera eta gogoa eredugarriak izan dira. Gutxi batzuk egin dute huts entrenamendu edo partida batzuetara. Barruan daramaten dena eman dute, gorputz eta arima aritu dira, jokatzeko eta ikasteko grina izan dute.

Talde modura zoragarri aritu dira. Bat eginik beti, ez dute inorentzat keinu txarrik izan. Arduradunen eta epaileen erabakiak giza legez onartu dituzte. Aurkariekiko begirunekoak eta zentzudun izan dira. Beti alai, porrotak, azkenak min gehixeago egin arren, umore onez azkar gainditu dituzte.

Zalegoa aipatu gabe balantzea erren legoke. Talderik onenak beti du zalegorik onena eta hori horrela izan da. Taldea era bikainean animatu du, airean eraman du, une zailetan lagundu eta suspertu du eta une gozoetan beraiekin gozatu du. Azken finean jokalariak garrantzitsu sentiarazi ditu. Bikain beraientzat ere.

Berri honen izenburua aldatu beharra dugu. LASTIMA ! EZ. POZA ! HARROTASUNA ! TALDE HONETAKO KIDE IZATEAZ.