Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

IGOERA FASEKO BIGARREN GARAIPENA


UROLA KE LAZTIk igoera bidean beste bi puntu lortu ditu Sestao taldea garaitu ondoren.


Atzokoa zen UROLA KE LAZTIk etxean jokatzen zuen Bigarren Nazionalerako igoera faseko lehenengo partida. Parez-pare Bizkaiko Lurraldeko hirugarren sailkatua zuen, Sestaoko taldea, arerio gogorra zalantzarik gabe.

Horitxoek, etxean irabaztearen garrantziaz jabetuta, beroketa unetik ere, partidan sartu-sarturik ziren eta bi puntuen bila kantxaratu ziren. Etxeko taldeak jokoaren ekimena bere gain hartu eta lehen unetik markagailuan aurretik jarri zen. Gure jokalarien joko bizi eta zorrotzari aurre eginez, bisitariek gogor eta maltzur jokatu zuten eta epaileek, joko mota hori moztu ez zutenez, lehenengo zatia berdindua izan zen, atsedenaldira 16 eta 12koarekin iritsi zirelarik.

Bisitariek indartsu ekin zioten bigarren zatiari eta hamabigarren minuturako partida hogeina berdintzea lortu zuten. Une horretan, etxeko jokalari eta zalegoengan kezka eta larritasuna nabaritzen hasia zen, baina, bisitariek, berdinketa lortzeko eginiko ahalegina nabaritu eta fisikoki behera egin zuten. Beraien jokoa makalagoa, kamutsagoa bihurtu zen, eta horitxoek, hortaz baliatuz, markagailuan tartea handitzea lortu zuten. Amaierarako hamar minutu falta zirelarik, sei goleko aldea zuten (26-20). Bisitariek besoak beheratu zituzten eta Iñigo Canterok prestatutako mutilak, kontraerasora jokatuz, behin betiko 32 eta 24koa ezarri zuten markagailuan.

Garaipen honen ondoren taldeak lau puntu ditu, Zarautz KE taldearekin berdindurik, eta igoera lortzeko aukera handiak dituen talde baten sentsazioa eman du. Aipagarria da 2008ko abenduaren 20tik partida guztiak, Ormaiztegin berdintutakoa ezik, irabazi dituela eta horrek asko esaten du gure talde nagusiaren egoerari buruz.