Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Festa handia txapeldunentzat

alt

UROLA LAZTIk bigarren itzuli ikusgarria egin eta Egia 31-23 gaindituz amaitu du liga bigarren sailkatuari hiru puntuko abantaila ateraz.

Urola Lazti Gipuzkoako Lehen mailako txapeldunak azken jardunaldian Egia jaso du Ispilla kiroldegian, lehen itzulian gure taldea garaitu zutenetako bat. Oraingo honetan ez zegoen ezertxo ere jokoan, dagoeneko txapelduna baitzen gure taldea.

Neurketa ez da bere mailagatik historiara pasako, baina bai berau hasi aurretik gure taldeak, txapeldun izateagatik jaso zuen harrera beroagatik. Partidaren aurretikoan, UROLA KEko behe mailetan ari diren gazteek omenaldia egin zieten UROLA LAZTIko jokalariei, megafonia bidez taldea osatu dutenen izenak aipatzen zituzten heinean, gazteek osatutako ohorezko igaronbidetik pasatu ziren gure txapeldunak. Bitartean, harmailetan zeuden dozenaka zaleek txalo-zaparrada eskeini zieten. Jarraian klubaren babesle nagusietako batek, Supermercados BM-k, emandako opariak banatu ziren zaleen artean.

Kirol arloari dagokionez, nahiz eta bi taldeek jokoan ezer ez izan, garaipen batekin amaitu nahi zuten txapelketa. Gainera, horitxoek, aukera ezinhobea zuten denboraldi osoan zehar zaleek eskeini dieten laguntza eskertzeko. Lehen zatian berdintasuna izan zen nagusi. Jokalariek zuten tentsio falta agerian geratu zen eta ondorioz akats ugari egin zituzten bi taldeek. Atsedenaldian 13na.

Bigarrenean ordea gauzak aldatu ziren eta etxekoek erritmo biziagoa ezarriz tartea zabaldu zuten. Ohikoa duten jokoa erakutsi zuten gure mutilek, defentsako lanean eraginkor eta erasoan ere bai, kontraeraso, barneraldi eta kanpoko jaurtiketak gauzatuz. Zati honetan ez zen kolorerik izan, etxekoak eroso eta bisitariei ez zien asko axola markagailuko aldeak. Amaieran 31-23

Lortutako garaipenari esker, bigarren itzulia partidarik galdu gabe amaitu du UROLA LAZTIk, jokatutako hamaika norgehiagoketatik hamar irabaziz eta bat berdinduz.

Atzokoan gure taldeak Zumarragako alkatearen eta kiroletako zinegotziaren bisita jaso zuten behin partida amaitutakoan. Hauek lortutakoagatik zorionak eta datozen asteetan hasiko den Bigarren Nazional mailarako igoera faserako animoak eman zizkieten taldeko partaideei