BERRIZ ERE HOBETOEN, KADETE GIZONEZKOAK
Lehen taldearen hobekuntza benetakoa da, baina . . .
UROLA EK LAZTI MENDIkoen hobekuntza nabarmena da eta, Ispillan, mailako liderra estu hartu arren, ez da nahikoa izan lehen garaipena lortzeko. Ongi hasi ziren hori-urdinak eta lehen 30 minututan aurretik izan dira (16–13 atsedenaldian), baina bigarren zatiaren hastapenean bisitariek markagailua irauli egin dute. Hala ere, Jon eta Iker-en mutilak partidoan sartuta jarraitu dute eta azken minutuan 29na berdintzea lortu. Kontuak kontu, azken segunduan irundarrek gola sartzea lortu dute, gure mutilen kaltetan. (29-30)
Talde nagusiaren aurretik jubenil gizonezkoak jokatu dute. Hauek ere multzoko liderreren aurka neurtu behar izan dituzte indarrak eta, zaharrenak bezala burumakur amaitu dute. Joko estatikoan Imanol Segurola eta Iker Soraluzeren mutilak ez dira bisitariak baino askoz gutxiago izan, baina baloi-zirkulazioan eginiko akatsak tolosarren kontraerasoak ahalbideratu dituzte eta hori izan da UROLA EK SUPER BMkoen porrotaren arrazoi nagusia.
Kadete gizonezkoak izan dituzte emaitzarik hoberenak. Bigarren urteko UROLA EK LUIS ANGEL ITURGITZAkoek Eibarren lortutako garaipenari esker, eibartarrei lidergoa lapurtu eta hurrengo fasean onenen multzoan lehiatzeko aurrera paso handia eman dute. Hasieran kosta arren, partida ona, serioa, jokatu dute Urretxu-Zumarragakoek, batez ere defentsako lanetan, eta armaginak baina gehiago izan dira, horren isla markagailuak amaieran erakusten zuen 17-24koa. Multzoa oso berdindua dago eta lanean jarraitu beharrean izango dira Alex eta Nagorerenak. Eutsi mutilak !!!
Morandarren eta Angel Maniegaren mutilek bigarren garaipena jarraian lortu dute. Oraingoan etxean Amanabar B ZKEren aurka, 32-27. Hasiera ez da ona izan, kostaldekoak 0-4 aurreratu bai dira, baina hori-urdinak ez dira urduritu eta apurka, lehenbizi berdindu eta ondoen aurretik jarri dira, atsedenaldira 14-10 iritsi direlarik. Jarraipenean, zazpi goleko aldea izatea lortu dute, baina bisitariek ez dute amorerik eman eta hirura gerturatu badira ere azken ahalegina antzua izan da eta bi puntuak Ispillan gelditu dira.
Maila bereko neskak burua altxa ezinik jarraitzen dute eta oraingoan ere porrot bana jaso dute. Lehen urteko UROLA EK UGARTE HARATEGIA/IRATI KAFETEGIAkoak garaipenetik gertuago izan dira, Ordizian bost goleko aldeaz, 15-10 galdu bai dute. UROLA EK AIKERekoak berriz ez dute inongo aukerarik izan Errenterian, etxekoak 29-2 nagusitu direlarik. Entrenamenduetan erakusten duten grina eta gogoa ikusirik, garaipenak etorriko dira. Animo neskak !!!
Infantil gizonezkoak ere garaipenik dastatu gabe jarraitzen dute. Larunbatean Usurbilgo Udarregiren aurka belaunikatu behar izan zuten, 13-23. Tarteka joko txukuna egin bazuten ere jarraikortasuna falta izan zitzaien eta bisitariek, talde sendoagoa erakutsiz, nagusi izan ziren bidezko garaipena lortuz.