Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ONENAK . . . ZAHARRENAK


Lehen taldea eta bigarren urteko jubenilak, garaipena lortu zuten bakarrak

Klubeko lehen taldea Oñatin izan zuen norgehiagoka asteburu honetan. Oraingoan jubenilen laguntzarik gabe aritu behar izan zuten, ordu berean hauek etxean jokatzen bait zuten. Arrazoi horregatik jokalariz justu samar aritu baziren ere, nagusitzea lortu zuten. Lehen zatia orekatua izan zen, bi taldeak ezin izan zuten aginterik ezarri eta defentsan pattal aritu ziren, atsedenaldira 14-15 iritsi zirelarik. Bigarrengoan, Jonek eta Ikerrek entrenatutako mutilek beste jarrera bat agertu zuten, batez ere defentsa lanetan sendoago arituz eta apurka-apurka markagailuan tartea zabaltzea lortu zuten. Amaieran 23-26 hori-urdinentzat. Garaipen honekin, eta asteartean Ordizin lortutakoarekin, UROLA EK ANTONIO ARANZADI taldea bigarren finalaren atarian da, datorren asteburuan Elgoibarren aurka ez galtzarekin nahiko izango du horrela izateko.


Partida txukuna jokatu zuten larunbatean bigarren urteko jubenil mutilek. Ikerrek entrenatutakoek ez zuten arerio samurra, zumaiarrak Euskadiko Ligan aritu bait dira, baina serio jokatuz garaipen polita lortu zuten (33-25). Zortzi goleko aldeak norgehiagoka erraza irudikatu balezake ere UROLA EK LAZTIMENDIk gogoz lan egin behar izan zuen kostaldeko taldea menperatzeko. Partida hasieran garaipenaren oinarriak ezarri zituen, defentsan estutuz aterako bidea itxi zion Pulpo KEri (beste behin Arkaitz atezainaren lana erabakiorra izan zen arlo honetan) eta erasoan jokoa ongi antolatuz eta eraginkor izanik, hamargarren minuturako hiru goleko aldea (6-3) zuen markagailuan. Atsedenaldira bitartean jokoa orekatu egin zen eta hori-urdinak aldeari eutsi zioten (14-12, 30. minutuan). Jarraipenean, apurka bada ere, Urretxu-Zumarragakoek tartea zabaltzen joan ziren, bost goleko aldea ere izan zutelarik, baina bi minutuko kanporatze bat baliatuz, bisitariak bi goletara gerturatu ziren (22-20, 47. minutuan) eta gure mutilen jokoa nahastu egin zen. Hutsarte baten ondoren gureak bere onera etorri eta berriz ere zuloa handitzeko gai izan ziren. Zumaiarrak ordea ez zeuden amore emateko eta banakako defentsa eginez partidan sartu nahi izan zuten. Alferrik ordea, etxekoek ongi indargabetu bait zuten bisitarien ahalegina, amaieran partidako alderik handiena ezarriz, 33-25.


Ahazteko mudukoa izan zen UROLA EK GOIERRIBUS taldeko infantil neskak Urnietan jokatutako partida, eta ez beraiek gaizki aritu zirelako, bertan gertatutakoa ez zelako batere atsegina izan. Lehen zatia joan-etorrikoa izan zen, bi taldeak aukera argiak sortu zituzten eta atsedenaldira 7-6ko emaitzaz iritzi ziren. Bigarrengoan urnietarrak gogor kantxaratu ziren, arautegiak onartzen duen mugatik haratago une askotan eta epaileek moztu ez zuten joko oldarkorra eginez. Horrek gure neskak desorekatu zituen eta bigarren zatian gol bakarra lortzeko gai izan ziren, amaieran 16-7 galdu zutelarik. Aipatzekoa izan zen gure nesken jarrera, egoera horren aurrean gogotsu ekin zioten eta une oro kiroltasunez aritu bait ziren, baita partida amaieran aurkariak zoriontzera joan eta hauek agurra ukatu zienean ere. HARRO EGOTEKO MODUKO NESKAK DITUGU !!!


Gaztetxoenak, alebin mutilak, ez zuten irabazten asmatu. Berriz ere, partida txukuna jokatu arren azken laurdenean eginiko akatsek garaipenik gabe utzi zituen. Ondo hasi ziren Arkaitz eta Julenek entrenatutakoak eta aise nagusitu ziren, lau goleko aldeaz, lehen laurdenean. Bigarrengoan, derrigorrez egin beharreko aldaketek kalte gehiago egin zieten gure mutilei eta ordiziarrek markagailua irauli eta hiru gol aurretik jarri ziren. Hori-urdinak partida orekatzeko gai izan ziren hirugarrenean, baina azken laurdenean, dagoenekoz aldaketen derrigortasunik gabe, ez zuten partida borobiltzerik asmatu eta 11-13 belaunikatu behar izan zuten. Amaieretara berdindurik iristea kalte egiten die UROLA EKkoei. Lasaitasuna galdu eta burua hotz mantentzea kostatzen zaie, horrek jokoan eragina izaten duelarik. Partida irabazi beharrak presaka jokatzea eragiten die eta aurkariek, eginiko akatsak baliatzen dituzte lehia poltsikoratzeko. Ikaste prozesuan egin beharreko akatsak direnez, ziur gara hobetuko dutela. ANIMO MUTILAK !!!


Beste emaitzak:

Kadete Gizonezkoak: UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZA 18 - Caribe Berri 28
Kadete Emakumezkoak: Bartolo jatetxea ZKE 34 - UROLA EK 31
Infantil Gizonezkoak: Algorri Taberna Pulpo KE 31 - UROLA EK SUPER BM 25