GARAIPEN BAKARRA LORTU ARREN, JOKO TXUKUNA EGIN ETA LEHIAKOR ARITU DIRA TALDE GEHIENAK
Infantil emakumezkoak lortu dute garaipen bakarra. Lehen taldeak ezin izan du Federazio Trofeoa bereganatu.
Larunbat arratsaldean giro bikaina izan zen Ispillan. Ikusle asko harmailetan, batukada... Ez zen gutxiagorako Federazio Torneoko finala bai zegoen jokoan. UROLA EK ANTONIO ARANZADI eta Tolosa CF aurrez aurre eta, tamalez, garaipena urdinentzat izan zen (24-27) Partida polita, lehiatua, interesgarria eskaini ziguten bi taldeek. Lehen zatia orekatua izan zen, une oro (hasierako bat eta hutsekoan izan ezik) tolosarrak aurretik, baina gehienez bi goleko aldea izan zuten. Atsedenaldian 12-13. Bigarrengoaren hasieran bazirudien tolosarrak partida hautsiko zutela eta lau goleko aldeak lortu zituzten, azkena berrogeita hamargarren minutuan, 18-22. Ikerren eta Jonen mutilak ez zuten amore eman eta tartea bi goletara murriztea lortu zuten, 22-24 berrogeita hamabosgarren minutuan. Azken bostak zirraraz beteak izan ziren. Hori-urdinak bi baloi jabetza izan zituzten gol bakarrera jartzeko, baina ez zituzten jokatzen asmatu eta azken ahaleginean tolosarrak irten ziren garaile. Aipagarria da UROLAk talde oso gaztea jarri zuela lehian. Aritu ziren hamalau jokalarietatik, bi lehen urtea dute senior mailan eta lau jubenil ere aritu ziren. Ez da ausardi makala aurtengo Liga Txapeldunari aurre egiteko. Datorren astean Gipuzkoako Kopari ekingo diote. ZORTE ON, MUTILAK !!!
Bigarren urteko jubenilak Gipuzkoako Kopari eman zioten hasiera ostiralean. Hasteko arerio zaila zuten, Euskadiko Ligan aritu den Tekniker Eibar Eskubaloia, eta gogo biziz aritu baziren ere ezin izan zituzten eibartarrak garaitu. Hala eta guztiz ere Ikerren mutilak, serio jokatuz, ongi aurre egin zieten. Bisitariek gehiago zirela zirudien arren, gure mutilak partidan sartuta izan ziren une oro, eibartarrak estu hartuz lasaitzeko beterik ez zien eman eta garaipena garesti saldu zuten. Amaieran 24-30, bisitarientzat. UROLA EK LAZTIMENDIkoek txapelketa zaila izango dute, Euskadiko Ligan aritu diren talde dezente egokitu bai zaie multzoan. Horrek, zailtzeko balio beharko lieke. EUTSI GOGOR !!!
Galdu arren ondo lehiatu den beste talde bat lehen urteko jubenilak izan ziren. Legazpin, multzoko liderraren etxean, jokatu zuten eta gol bakar batez belaunikatu behar izan zuten (24-23). Imanolen mutilak ez daramate denboraldi erraza, puntuak batzea kostatzen ari zaie. Dagoenekoz pardida mordoxka galdu dituzte alde txikiaz, baina ez dute amorerik ematen eta apurka-apurka hoberuntz doaz. Aurtengoa hazteko eta zailtzeko balioko dielakoan gaude. EZ ETSI !!!
Emaitzak kontrakoa dioen arren, UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZA taldeko mutilak ere partida txukuna jokatu zuten, bai bederen tarte handi batean. Ermuan aritu ziren Eibarren aurka eta atsedenaldian etxekoak bi goleko aldea (14-12) bazuten ere, lehen zati berdindua izan zen. Bigarrengoari ongi ekin zioten Nagorek eta Alexek entrenatutako mutilek eta horrela, berrogeita bosgarren minutuan bi goleko aldea zuten, 19-21. Hor amaitu zitzaien gasolina gure mutilei eta jokoan behera egin zuten nabarmen. Eibartarrak defentsa gogorra eginez baloiaren mugimendua zaildu zieten, beraiek ez zuten asmatu arerioaren jokoa ostopatzen eta ordura arteko lan guztia pikuta botaz, azken ordu laurdenean hamalau eta bateko partziala jasoz, 33-22 galdu zuten.
Beste emaitza batzuk:
Kadete Emakumezkoak: UROLA EK 6 - Consulting Social Alavés 31
Infantil Gizonezkoak: Ereintza Aguaplast 19 - UROLA EK SUPER BM 15
Infantil Emakumezkoak: Ordizia Vicuña Sport 8 - UROLA EK GOIERRIBUS 14