Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ASPALDIKO PARTEZ JARDUERA NAHIKO TXUKUNA


Jokaturiko zortzi norgehiakotan hiru porrot, beste hainbeste garaipen eta bi berdinketa. Lehen taldea Aldundiko Trofeoaren finala jokatzeko sailkatu zen.


UROLA EK ANTONIO ARANZADIkoek garaipen bikaina lortu zuten Zarautzen, ligako txapeldunordearen etxean. Lehen zati orekatu baten ondoren, (11-12) bazirudien etxekoak nagusituko zirela, hiru goleko aldea lortu bai zuten. Hala eta guztiz ere, Iker eta Jonek entrenatutako mutilek ez zuten amorerik eman eta berrogeita hamargarren minutuan 20na berdintzea lortu zuten. Horrekin konforme ez eta aurretik jartzeko gai izan ziren hori-urdinak. Azken minutuak ziragarriak izan ziren. Biren faltan gure mutilek aurretik ziren, 24-26, baina tarte hori bi jokalari gutxiagorekin jakatu behar izan zuten. Denbora ondo kudeatuz eta defentsan sendotasuna erakutsiz aldea mantentzea lortu zuten. Amaieran 25-26 Urretxu-Zumarragakoentzat. Taldeko kide guztien ekarpena bikaina izan zen eta horrek Forualdundiko Trofeoaren finala jokatzeko beta eman die. Ez da aparteko txapelketa baina, taldeak izan duen urte gora-beheratsuaren ondoren, poz guztiak ongi etorriak dira. Ea larunbatean, Ispillan eta Tolosa CFren aurka, maila mantendu eta txapelketa borobiltzeko gai diren. AUPA MUTILAK, ZUEKIN GAITUZUE !!!


2. urteko jubenil mutilak Aldundiko Trofeoaren azken norgehiakgoka izan zuten ostiralean. Aurreko jardunaldietako emaitzen ondorioz partidak ez zuen inungo interesik eta jokoan igarri egin zen. Bi taldeak lasai antzean aritu ziren. Hala eta guztiz ere gureak bisitariak baino gehiago zirela garbi ikusi zen eta amaieran Ikerren mutilek bi puntuak poltsikoratu zituzten. UROLA EK LAZTIMENDIkoek laugarren postuan bukatu dute txapelketa eta orain datorren asteburuan hasiko den Kopan dituzte esperantzak. Ez da erronka erraza izango Euskadiko Ligan aritu diren taldeen aurka (Pulpo, Eibar, Tolosa) aritu beharko bai dira, baina edozeini aurre egiteko gai direla erakutsi dute behin baino gehiagotan.


Klubeko neska gazteenak CDB Leizaran izan zuten arerio Ispillan eta lehen zati negargarri baten ondoren partida irabazteko gai izan ziren bigarrengoan (10-9). Aritzen eta Imanolen neskak gaizki, baldar, trakets, ezezagun aritu ziren lehen zatian. Defentsan ahul, erasoan kamuts... orain arte ikasi eta hobetutako guztia ahaztu zutela zirudien. Lehen zatian gol bakarra sartu zuten eta bisitariek, 1 eta 7koarekin, lehia poltsikoan zutela zirudien. Bigarrengoan, ordea, beltzetik zurira egin zuten. Beraien dohainak berreskuratu eta apurka aldea estutzen joan eta azken minutuan aurretik jarri ziren. Andoaindarrak berdintzeko aukera izan zuten baina, denbora agorturik zegoelarik eginiko falta jaurtiketan ez zuten asmatu eta, 10-9ko batez, garaipena etxean geratu zen.


Gaztetxoenak ere azken uneko puntu bat eskuratu zuten Oñatin. Denbora agorturik zegoelarik aldeko jaurtiketa izan zuten eta zazpi metrotatik asmatuz, 15nako berdiketa ezarri eta puntutxo bat ekarri zuten Udana gora. Lehen laurden orekatu baten ondoren (4-3), bigarrengoan Arkaitz eta Julenen mutilak nagusi izan ziren eta atsedenaldira markagailuan aurretik iritsi ziren (6-8). Hirugarrenean gure mutilek huts asko egin zituzten, oñatiarrei kontraerasoan jokatzeko aukera emanez eta 6-0ko partzial baten ondoren lau goleko desabantailaz (12-8) ekin zioten azken laurden erabakiorrari. Hori-urdinak ez ziren kikildu eta lehiatzera irten ziren. Akatsak zuzenduz, eraginkor aritu ziren ate aurrean eta azken uneko zazpi metrotako jaurtiketaz berdinketa ezarri zuten. Ez etsitzeak saria dakar !!!


Beste emaitza batzuk:
Jubenil Gizonezkoak: UROLA EK SUPER BM, 25 – Aloña Mendi, 25.
Kadete Gizonezkoak: UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZA, 28 – Arrasate EB, 30.
Kadete Emakumezkoak:Aloña Mendi KE “B”, 20 - UROLA EK, 5.
Infantil Gizonezkoak: UROLA EK SUPER BM, 16 – Amenabar “B” ZKE, 29.