Gure talde federatu guztiek partidua jokatu duten lehen asteburua
Balantze positiboa zazpi garaipen eta lau porrotekin. Aipagarriak dira gizonezkoen lehen taldearen eta emakumezkoen infantil mailako bi taldeen lehen garaipenak.
Senior mailan UROLA EK LAZTIMENDIk, bost partida jokatu eta gero, denboraldiko bere lehen garaipena lortu du, Mek Eibar Eskubaloia gol bakarragatik garaituta, 30-31. Iñigok entrenatutakoak karburatzen hasi direla dirudi. Ez, ordea, kategoriako beste bi taldeek, Emakumezkoen Lehen Lurralde Mailakoak eta Gizonezkoen Bigarren Lurralde Mailakoak, garaipenik ezagutu gabe jarraitzen baitute.
Jubenil eta Kadete mutilen taldeek ondo hasi dute Gipuzkoako Txapelketako bigarren fasea, etxetik kanpo garaipen bana lortuta. Lehenengoa, UROLA EK ANTONIO ARANZADI, 7. eta 16. postuen artean geratzeko jokatzen duenak, Autopia Talleres OET taldeari 22 eta 31 irabazi dio. Bigarrenak, berriz, UROLA EK RSAk, lehen seien artean bukatzeko jokatzen duenak, gauza bera egin du Urkunde Elgoibarrekin 32 eta 36.
Kadete Nesken bi taldeak, UROLA EK EUTSI eta UROLA EK GOIERRI BUS, indartsu egin dira Ispillan, lehenengoek 37 eta 7 irabazi diote Bera Berari eta bigarrenek 27 eta 21 Leizaran Horia taldeari. Bost jardunaldiren ostean, bi taldeak euren multzoen goialdean kokatu dira.
Neskek Maddi Saez de Guinoa omentzeko baliatu dute jardunaldia, eskubaloiaren praktika utzi behar izan baitu sorbaldan izandako arazoengatik. Eutsi goiari, Maddi !!!
Infantiletan neskak izan dira pozak eman dizkigutenak. Bi taldeek, kadeteek bezala, etxeko moduan jokatzen zuten, eta jokoan zeuden lau puntuak eskuratu dituzte. UROLA EK URZUM taldeak 36 eta 6 gainditu du Mek Eibar Eskubaloia B taldea eta UROLA EK-k 33 eta 26 Trapaia Pulpo EK.
Bestalde, mutilek ez dute punturik lortu. UROLA EK KLINIKA ALAI taldeak porrota jaso du Irunen eta garaipenik ezagutu gabe jarraitzen du, UROLA EK DESKARGA AROZTEGIA taldeak, berriz, ezin izan du, multzoko lidergoa jokoan zutela, Zumaiako Txikixa Pulpo EK garaitu.