Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ASTEBURU EMANKORRA


Aspaldiko partez sentsazio baikorreko jardunaldia izan eta joera batzuk iraultzea lortu dugu


Lehen taldeak garaipen garrantzitsua lortzeaz gain, azken jardunalditako susmo txarrak uxatzea lortu zuen Andoainen 32-33 irabaziz. Denboraldi honetan askotan suertatu dira galtzaile gol bakar batez eta oraingoan, gureak izan dira horrela irabaztea lortu zutenak. Noizbait izan behar, eta arerio zuzen baten aurka izateak balio bikoitza eman zion. Gainera sailkapeneko behe aldean dauden gainontzeko taldeen emaitzak gure aldekoak izan ziren eta arriskuko postuetatik zertxobait urruntzeko balio izan zien. Galtzeko joera iraultzea lortu ondoren, ea gure mutilek konfiantzan ere irabazi duten eta etxeko hurrengo partidan jarraipena ematen dioten garaipen honi. Bi aste dituzte min hartutakoak osatu eta jokoa sendotzeko.

Jubenil mutilak Gipuzkoako Txapelketaren lehen jardunaldia izan zuten asteburuan. Bigarren urtekoak, UROLA EK LAZTIMENDIkoek, arerio zaila zuten Ispillan, Euskadiko Ligatik zetorren Tolosa CF bai zuten bisitari. Hori-urdinek ongi egin zioten aurre Tolosako taldeari eta irabazteko merituak egin bazituzten ere, berdinketa batekin etsi behar izan zuten (33-33) Hogeigarren minututik aurrera, Ikerren mutilek markagailuan agintari izan ziren, tarteka bost goleko aldea izan zutelarik. Tolosarrek, ordea, ez zuten amorerik eman eta azken bost minutuetan defentsa itogarri bat eginez aurretik jarri ziren, minutu erdiren faltan. Gure mutilek azken baloi jabetza jokatzen asmatu eta, gutxienez, puntu bat eskuratzen jakin zuten.

Lehen urteko UROLA EK SUPER BM-k gertu izan zuen garaipena, baina porrot duin batekin (17-14) buletatu ziren Oñatira eginiko bisitatik.

Jubenil emakumezkoak aise nagusitu ziren Gasteizko Eharialdearen aurka (18-11) Hasiera-hasieratik UROLA EK AIKER-ACADEMIA ANA taldeko neskak aurre hartu zieten arabarrei eta partida eroso eramaten asmatu zuten, markagailuan une oro tarte polita mantendu zutelarik. Hiru astez norgehiagokarik jokatu gabe egon ondoren, gure neskak hasiera ezin hobea eman diote Gipuzkoako Txapelketari.

Kadete mailakoak ere txapelketa berria hasi zuten asteburuan: Foru Aldundiko Torneoa. UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZA taldeko mutilek ongi ekin zioten txapelketa berriari, Elgoibarko Pneumax taldea 32 eta 21 erraz menperatuz. Lehen zatian alde handia lortu ondoren, partida kudeatzen eta erritmoa jartzen asmatu zuten Alex eta Nagoreren mutilek eta lehia kontrolpean izan zuten.

Neskak, ordea, ez zuten inongo aukerarik izan Eibarren eta 26 eta 2 galdu zuten. ANIMO NESKAK!! eskubaloian jokatzen duzuten lehen urtea izanik, horrelakoak askotan gertatzen dira.

Infantil mailako neska-mutilak Ligako lehen faseko azken jardunaldia jokatzen zuten. UROLA EK SUPER BMko mutilak Usurbilen, liderraren etxean, 29 eta 15 galdu arren, multzoko lau lehenen artean sailkatzeko helburua lortu dute. ONDO MUTILAK !!! EUTSI !!!

UROLA EK GOIERRI BUSeko neskak, berriz, Ordiziako Vicuña Sport 18 eta 12 menperatu eta beraien bigarren garaipena lortu zuten, lehen fasea modu ezin hobean agurtuz. Partida ona jokatu zuten Weennyn eta Imanolen agindupean diharduten neskak. Sendo defentsan, eraginkor erasoan eta entrenamentuetan eginiko lanak emaitzak ematen ari dela erakutsiz.


Klubeko txikienak ezin izan zuten Oñatiko Aloña Mendi taldea menpean hartu. Julenek eta Arkaitzek entrenatutako mutilak urduri eta hotz antzean hasi ziren. Hori baliatuz, txantxikuak tartea zabaldu zuten. Azken laurdenean egoera aldatu egin zen eta hori-urdinak gol batera gerturatu ziren. Zailena egina zegoela zirudien baina azkena ematea falta izan zitzaien gure mutikoei. Berriz ere urduritasunak gain egin zien eta berdintzeko presaren presaz aritzeak ez zien mesederik egin eta azkenean 17-19 bisitarientzat. Bilakaera nabarmena da eta kirioak menperatzen dituzten neurrian lehiakorragoak izango dira. EZ ETSI, MUTILAK !!!