LEHEN TALDEAREN GARAIPENA ETA NESKEK SUSPERRALDIA
Lehen taldekoak urtean lehen aldiz lortu dute puntuak binaka gehitzea. Neskak erantzun egokia eman diote azken jardunaldiko desengainuari. Kadete mutilen garaipen berria Ormaiztegin. Infantilak liga amaitu dute eta Alebin taldeek hobetzen doaz.
Kostata baina azkenean iritsi da UROLA ET LAZTIkoen 2012ko lehen garaipena. Sailkapeneko azken sailkatua izan dugu bisitari asteburuan Ispillan eta bi puntuak eskuratzea ezinbestekoa zen lehen postuetako borrokan jarraitu ahal izateko.
Horitxoek defentsa sendoan oinarritu dute garaipena eta erasoan boladaka jokatu badute ere, nagusi izan dira lehen minututik. Apurka tartea zabaltzen joan dira eta atsedenaldirako zazpi golez (14 eta 7) ziren aurretik. Bigarren zatian abantaila kudeatzea besterik ez dute egin eta sarritan bat gutxiagorekin jokatu arren aldea zabaltzea ere lortu dute. Amaieran 30 – 21 eta esperantza osorik dirau.
Aurreko asteburuko hondamendiaren ondoren Alain eta Jorgeren neskak nola erantzungo zuten ikusteko grinaz ginen. Ez zuten arerio erraza, baina, espero genuen bezala, egoerari buelta emateko gai izan dira eta partida borobila jokatuz garaipena ekarri dute Errenteritik.
Norgehiagoka orekatua hasi da, bi taldeek elkarri errespetu handia erakutsiz, baina etxekoak izan dira lehen zatian nagusitu direnak (9 eta 6). Bigarrengoan UROLA ET AIKER ACADEMIA ANAko neskak defentsa sendotu dute eta Maialen Akizuren gidaritzapean eta Noeliaren erakustaldiari esker (bigarren zatian jaurti dizkioten bost zazpi metroak gelditu ditu) markagailuari buelta emateko gai izan dira. Une batzuetan hiru goleko errenta izan badute ere, azkenean batez nagusitu dira (17 eta 18) serio eta talde jokoa eginez aritzen direnean edozeini irabazteko gai direla erakutsiz.
UROLA ET PREMAKeko mutilek Forualdundiko Torneoa liga amaitu bezala hasi dute; Ormaiztegiarren aurka jokatuz. Emaitza ere errepikatu egin da eta horitxoak bi puntuak Eitzan gora ekarri dituzte. Pixkanaka Iker eta Jonen eskua nabaritzen doa eta jokoa sendoago dirudi. Ea txapelketa polit bat egiteko gai diren.
Infantil mailako mutilen bi taldeek galduz esan diote agur liga txapelketari. UROLA ET GOIERRI BUSeko mutilak zarauztarren aurka jokatu dute eta bosgarren postua zuten jokuan. Partida orekatua izan bada ere, azkenean Alex eta Nagoreren mutilek amore eman behar izan dute. Alde batetik eginiko akatsak eta bestetik bisitarien eraginkortasun handiagoa erabakiorrak izan dira. Azkenean 25 eta 28.
UROLA ET SUPER BMko gaztetxoentazat sufrikarioa amaitu da. Liga guztian ez dira garaipenik lortzeko gai izan, baina izan duten jarreraz eta animoaz arro gaude. Taldea eratze prozesuan dago eta oraingo ahaleginak fruituak emango dituela ziur gaude.
Legazpin jokatu dute azken partida eta hasieran Jokin Areizagaren aitonaren omenez minutu bateko isilunea egin da. Aitor Moránen mutilak ezin izan dute ezer egin lagazpiarren nagusitasunaren aurrean, zahartxoagoak izanik erraz nagusitu dira 50 eta 14. Hurrengo txapelketan multzoak sailkapenaren arabera egingo dira eta gure maila beretsuko taldeen aurka arituko garenez, gure benetako neurria zein den ikusi ahal izango dugu. ANIMO MUTILAK, EZ ETSI ETA LANEAN JARRAI !!!
Alebin bi taldeak elgoibartarren aurka jokatu dute eta biak galtzaile suertatu dira. Lehen urtea izanik eta entrenatzen denbora gutxi daramatela kontuan harturik emaitza logikoak dirudite. Hala eta guztiz ere ikusgarria da gure neska-mutilen ilusioa eta gogoa. Horrela jarraituz gero hobekuntza etorriko da.