Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

EZUSTEKORIK GABE


UROLA KE LAZTIk ezin izan zuen ustekabea eman Askartzari eginiko bisitan.


Gure lehen taldeak tituloa lortzeko hautagai sendoa den Quiron Askartzaren aurka neurtu zituen indarrak asteburuan. Leioatik punturen bat lortzea lan nekeza izango zela jakitun joan ziren, baina, hala eta guztiz ere, aurkariaren nagusitasunari gehiegi erreparatu gabe, ustekabea emateko asmotan kantxaratu ziren horitxoek. Lehen hogeita hamar minutuetan gure mutilek sendo aritu ziren eta sailkapenean dagoen aldea ez zen inondik inora ageri. Jose Manuel Ruizek entrenatutakoek defentsan irmo aritu ziren eta horrek markagailua orekatua eramateko aukera eman zien. Zentzu honetan aipagarria da Aitor Aizpuruk atepean eginiko lan bikaina. Hala, atsedenaldira iristean markagailuak hamairunako berdinketa erakusten zuen eta Zumarraga-Urretxukoei itxaropena piztu zitzaien.

Jarraipenean ordea UROLA KE LAZTIkoek errealitatera itzuli ziren eta bizkaitarren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Horretan zerikusi handia izan zuen, beste behin, gure taldeko aulkiaren urritasunak. Gainera etxekoen jokoa oldarkorragoa eta eraginkorragoa izan zen eta gureak ez zuten inongo aukerarik izan. Amaieran 32 eta 21.

Datorren jardunaldia ostiralean, 20:00etan jokatuko da eta Portugaleteko taldea izango dugu bisitari Ispillan. Garaipena lortuz gero azken postua uzteko aukerak izango ditu gure taldeak.