AZAROAREN 25EKO ETA 26KO KRONIKAK ETA EMAITZAK
Asteburu ona azaroako azkena klubarentzat, zazpi garaipen eta bi porrot.
1. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
Garaipen garrantzitsua lortu zuen UROLA EK LAZTIMENDIk Arrasateren aurka. Garaipena ezinbestekoa zen, jardunaldian sailkapeneko goi aldean dauden taldeen arteko norgehiagokak zeudelako, eta horien jarreran nabaritu zen.
Defentsa serio batek gure atezainen geldialdiak erraztu zituen eta erasoa nahiko arina izan zen. Jokoan nagusitzeaz gain, oraingoan ondo kudeatu zen lortutako tartea, etxekoen edozein erreakzio saiakera bertan behera utziz. Horien lan kolektiboa Arrasateren banakotasunei gailendu zitzaien.
Lortutako bi puntuen balioa, datorren asteburuan Ispilla bisitatuko duen Eibar garaituz berretsi behar dira. Helburua lortzeko azken bi jardunaldietako mailari eutsi beharko zaio.
MUGARRI INGOU ARRASATE, 17 - UROLA EK LAZTIMENDI, 22
2. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
UROLA EK CRISTALERÍA GOIHERRIren porrota, baina aho-zapore onekoa. Oso talde gaztea da gurea, eta talde beterano bati egin zion aurre; oso zaildua eta lehenengo itzulian hogei golegatik zanpatu gintuena. Horregatik guztiagatik, atsedenaldira markagailuan aurretik iristea, amorerik ez ematea eta emaitza duina lortzea gure mutilez harro egoteko modukoa da. Bide onean lan egiten ari dela adierazten duen seinalea, talde bat eraikitzen eta etorkizunerako jokalariak prestatzen. EUTSI MUTILAK !!!
UROLA EK CRISTALERÍA GOIHERRI, 27 - DECOTEXTIL EUSKADI DONIBANE MITXINTXOLA, 34