Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

DERBIKO PUNTUAK, UROLA LAZTIrentzat


UROLA LAZTIk Legazpiko Hegialde Auto taldearen aurkako partidua irabazi du. (25-20)

Urte asko generamatzan UROLA KE eta La Salle Legazpiko lehenengo taldeen arteko lehia ikusi gabe. Ondorioz ikusmin handia zegoen eta horrela, harmailak bete egin ziren, bi taldeetako zale ugari bildu zirelarik.

Jokalariengan ikusmin hori urduritasun bilakatu zen, elkarri errespeto handia zioten eta ondorioz markagailuan lehenengo gola sartzea kosta zitzaien. Kanpotarrak izan ziren, penalti bati esker, markagailua zabaldu zutenak. Ordurako lau bat minutu paseak ziren. Jarraian, golak bi ateetan tartekatu ziren eta inork ez zuen markagailuan alde egiterik lortu. Lehenengo zatia amaitzeko hamar minutu falta zirenean, etxekoak hiru goleko errenta lortu zuten, eta atsedenaldira horrela iritsiko zirela zirudien arren, bisitariek tartea murriztea lortu zuten eta lehen hogeita amar minutuen amaieran 12 eta 11koa erakusten zuen markagailuak. Parekotasun hori bi taldeek eginiko lanarekiko zilegizkoa zen.

Horiek indartsu hasi zuten bigarren zatia eta laupabost goleko tartea irekitzea lortu zuten. Bazirudien etxekoek garaipena erraz lortuko zutela, baina legazpiarrek erasoan ongi jokatuz eta Urola Laztikoek defentsan erlaxatu zirela baliatuz markagailua orekatzea lortu zuen.

Une horretan, Iñigo Canteroren jokalariek defentsako lana hobetu zuten eta kanpotarren barneratzeak zaildu zituzten. Gainera, Aitor Aizpuruk ate-azpian lan bikaina egin zuen, era eta leku guztietatik zetozkion baloiak geldituz, ikusle guztien txalo-zaparradak bereganatu zituen. Atezainaren lan horri esker eta erasoan bere aukerak baliatuz, kanpotarrentzat gaindiezina izango zen bost goleko aldea ezarri zuen, berriz ere, etxeko taldeak. Amaieran markagailuak 25 eta 20koa erakusten zuen.

Lerro hauetatik Ispillara gerturatu ziren zale guztiak goraipatu nahi ditugu. Beraien txalo eta kantuekin, gure jokalarien grina eta jokoa suspertzea lortu zuten eta datozen norgehiagotan ere bertan ikusi nahi ditugu, denon indarrak batuz igoera lortzea errazagoa izango delako.

Datorren asteburuan gure lehenengo taldeak partida zaila du. Zarautzeko Amanabarri egingo dio bisita, eta hauek sailkapenaren goi aldean daude gurekin puntuetara berdinduak.