Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

INAUTERIEN ONDOREN UROLA ETko TALDE GEHIENAK LEHIATU DIRA.


Jubenil emakumezkoak, atsedenagatik, eta alebin mutilak, partida bertan behera gelditu delako, izan dira jokatu ez duten bakarrak.


Lehen taldeak, UROLA ET LAZTIk, itxura eskasa eskaini du beste behin. Horiek une oro izan dira atzetik markagailuan. Ez dira tolosarren erasoa gelditzeko gai izan eta erasoan, tarteka asmatu badute ere, kamuts aritu dira. Atsedenaldirako bost goleko atzerapena zuten, 13-18, eta jarraipenean tartea murrizten ez dute asmatu, naiz eta amaierarako hamar minutu falta zirela zalegoaren artean esperantza printza batzuk piztu diren, bi golera jarri direla ikustean. Amaiera aldera presaka aritu dira eta tolosarrek, gure mutilen hutsak baliatuz, kontraerasora partida itxi dute, 32-38 irabaziz.

Porrot honekin lehen postuak urruti gelditu dira eta zaila izango da igoera faserako sailkatzera, baina talde hau gehiagorako gai dela erakutsi behar da denboraldi amaiera bitartean.

Jubenil gizonezkoak hiru asteburu zeramatzaten partidarik jokatu gabe eta itzulerarako legazpiarren aurkako derbia izan dute. 23-22 irabazi arren ez dute oso itxura ona eman. Jose Angelen mutilak Katilukoak baino gehiago ziren baina boladaka aritu dira, joko ona eta eskasagoa tartekatuz, eta bisitariak gertu izan dituzte une oro.

Lehen zati orekatu baten ondoren, bigarrengoan bazirudien UROLA ET ANTONIO ARANZADIko mutilek norgehiagoka kontrolpean zutela eta bost goleko aldea ere izan dute. Bisitariek, ordea, ez dute etsi eta apurka tartea murrizten joan dira. Horrela, 56. minutuan hogeita binako berdinketa ezarri dute markagailuan eta Ispillan zalantzak eta urduritasuna hedatzen hasi dira. Ilusio bat besterik ez da izan, gure mutilek suspertu eta aurretik jarri bai dira eta azken unean defentsan sendo agertuz garaipena poltsikoratu dute.


UROLA ET PREMANKeko kadete gizonezkoak partida ona jokatu dute Arrasaten eta bi puntuak etxera ekarri dituzte. Lau eta bost goleko aldeaz nagusitzen ari ziren, baina azken hamar minutuetan gehiegizko konfiantzak ordurarteko nagusitasuna ezerezean uzteko zorian izan da. Ez da hala izan, 24-26 nagusitu dira eta horiek partidarik galdu gabe jarraitzen dute Forualdundiko Txapelketan.

Infantilei dagokionez, UROLA ET GOIERRI BUSeko mutilak indartsu jarraitzen dute eta taldeko mamuetako bat izateko hautagai direla erakutsi dute. Alex eta Nagoreren mutilak erraz, 24-7, nagusitu dira zumaiarren aurrean eta lidergoan dira.

UROLA ET SUPER BMkoak berriz eibartarren aurka neurtu dituzte indarrak Ermuan eta lehen zatian txukun aritu badira ere, 3-4 aurretik izan dira, bigarrengoan akats handiak egin eta arerioei erraztasun gehiegi eman dizkiete. Amaieran 28-13 etxekoentzat.

Elkarteko gaztetxoenei dagokionez, mutilak bergararrek partida atzeratzeko eskakizuna onartuz ez dute partidarik jokatu eta hurrengo asteburura arte itxaron beharko dute ikasitakoa praktikan jartzeko.

Neskak berriz Elgoibarko Sanlo Bren aurka neurtu dituzte indarrak eta eskubaloian denbora gutxi daramatela agerikoa bada ere, beraien jokoa hobetuz doazela aipatu beharra dago. Tarteka gauza politak egiteko gai izan dira eta elgoibartarrak nagusi izan badira ere, gogoz saiatu eta aurpegia eman dute. Horrek, azken laurdena 5-4 irabaztearen saria ekarri die, naiz eta orotara 10-19ko itxuroso batez galdu duten.