2011. AZKEN JARDUNALDIA
Hiru garaipen, berdinketa bat eta bi porrot urteari agur esateko.
Gure lehen taldeak eta Irungo Goserrek norgehiagoka gogorra, lehiatua eta sutsua eskaini ziguten igandean Ispillan. Haiseran bisitariek jarri ziren aurretik markagailuan baina, apurka eta adorez, Iker Soraluzek entrenatutako mutilek aurretik jartzea lortu zuten. Indarrak oso orekatua ziren eta atsedenaldian irundarrak agintzen zuten, bi goleko errentaz.
Atsedenalditik bueltan partida ildo beretik joan zen. Bi taldeak borroka jatorrean, baina bietako inor ez zen nagusitzen eta garaipena edozeinen alde eroriko zela zirudien. Azken txanpan, ordea, UROLA ET LAZTIkoek izan ziren gehien asmatu zutenak eta garaipena, 28 eta 26, etxean geratu zen. Lehen postuetan jarraitu ahal izateko garaipen garrantzitsua izan zen, orain horiek hirugarren dira, bigarrenekin berdindurik eta lehen taldearengandik puntu bakarrera.
Sendo jarraitzen dute gure neskak txapelketako bigarren fasean eta, Andoainen hirugarren garaipena segidan lortu ondoren, lidergoan jarraitzen dute. Lehendik lesionatutakoez gain, Maialen Akizuk ezin izan zuen partida honetan parte hartzerik izan, baina Ainhoa Arratibelek eta Jone Alberdik erantzukizuna hartu eta bi puntuak etxeruntz ekarri zituzten.
Lehen zatian, markagailuan eta jokoan jaun eta jabe izan zirelarik., etxekoak nagusitu ziren. Gure neskak markagailu txukun bat mantetzearekin nahiko lan izan zuten eta atsedenaldiko 10 eta 8koak lehia irekia uzten zuen.
Atsedenalditik bueltan horiek azken indarrak egin zituzten partida berdintzeko. Defentsan sendo, Noeliak atepean emanaldia eskaini zuen berriz, eta erasoan grina erakutsiz aurretik jartzea ere lortu zuten, amaieran gol bateko errentaz, 17 eta 18, nagusitzeko.
Kadete gizonezkoak berriz, partida txarra jokatu arren, puntu bat ekarri zuten Arrasatetik. Lehen zatian bi taldeetako defentsak oso kaskar aritu ziren. Ondorioz lehen zatian gol andana izan ziren, 19nako berdinketaz amaitu zelarik. Jarraipenean UROLA ET PREMANKekoak sendoago aritu ziren defentsako lanetan, baina erasoan nahiko kamuts. Azken minutura berdindurik iritsi ziren, baloiaren jabetza “Canario” eta Jonen mutilena zen, ondo jokatzen asmatu zuten eta gola lortu ere bai. Bazirudien garaipena beraiekin ekarriko zutela, baina azken ahaleginean etxekoek gola sartu zuten eta ez zen gehiagorako denborarik izan. Amaieran 31na.
Jubenil gizonezkoak Bergaran zuten hitzordua larunbat eguerdian. Ez zirudien norgehiagoka zaila izango zenik, baina partida okertu egin zen eta horiek majo lan egin behar izan zuten garaipena Urretxu-Zumarraga aldera ekartzeko.
Jose Angelen mutilek bigun aritu ziren defentsako lanetan eta erasoan asmatu ezinik. Lehen gola 4. minutua pasata zela lortu zuten eta markagailuan aurretik jartzeko, 2 eta 3, zortzi minutu behar izan zituzten. Une horretatik beti izan ziren aurretik markagailuan, baina aldeak oso txikiak zirelarik. Atsedenaldira gol bateko abantailaz iritsi ziren, 12 eta 13.
Bigarren zatian ere asmatu ezinik aritu ziren eta zazpigarren minutuan etxekoak aurretik jartzea lortu zutenean, 17 eta 16, bat baino gehiago kezkatzen hasi zen. UROLA ET ANTONIO ARANZADI taldeko mutilek suspertu egin ziren eta markagailua irauliz, aurretik jarri ziren berriz ere. Gainera, tarte handi samarra lortzeko gai izan ziren eta horrek nolabaiteko lasaitusuna eman zien partida amaieran, 26 eta 30.
Batzuetan horrelako partida eskasak irtetzen dira, dena aldrebesten diren horietakoak. Horrelako partidak jokatzen ere jakin beharra dago. Gure mutilek asmatu zuten, ez ziren uzkurtu, ez zuten itxaropena galdu, ez zuten etsi eta lanean jarraitu zuten. Horrek garaipena eman zien, neketsua eta zatarra, baina garaipena. ANIMO MUTILAK !!!
Porrotak infantil gizonezkoen eskutatik etorri ziren. UROLA ET GOIERRI BUSekoek Zarautzera eginiko bisitatik esku hutsik etorri ziren 20 eta 16 galdu zutelarik. Eta UROLA ET SUPER BMkoak ez zuten inongo aukerarik izan ordiziarren aurka, azken emaitzak aditzera ematen duen moduan, 8 eta 35.