UROLA KE LAZTIREN BIGARREN GARAIPENA
Partida ona jokatu ez arren, Indupime Basauri taldea garaitu zuen 25 eta 23.
Basauritarrak aurkari zuzen bat dira jetsiera saihesteko borrokan eta punturik lortu gabe aurkezten ziren Ispillara. Horregatik garaipena funtsezkoa zen gure talde nagusiarentzat, bi puntu gehiago lortzeaz gain jetsiera postuak atzean uzten hasteko.
Bisitariak partidan sartuago kantxaratu ziren eta lehen zatian nagusi izan ziren. Atezainaren lan onean oinarriturik azkar jokatu zuten eta laster hartu zuten aurrea markagailuan. Etxekoak, berriz, lotuta aritu ziren eta jaurtiketa ugari hutsegin zituzten. Hala eta gutiz ere, bizkaitarrak ez zuten tarte handiegirik lortu eta lehen zatiaren azken bost minutuetan horitxoek berdinketa lortzeko gai izan ziren, atsedenaldira hamabinako berdinketarekin iritsi zirelarik.
Berdinketak esperantzak piztu zituen jokalari eta zalegoaren artean, baina bigarren zatia lehenengoaren ildo beretik joan zen. UROLA KE LAZTIko jokalarien asmatu ezinak, bizkaitarrei aldea hartzeko aukera eman zien berriz ere. Hiru goleko aldea ere izan zuten, 18 eta 21 amaitzeko zortzi minutu falta zirelarik, eta bazirudien bi puntuak Urretxu-Zumarragatik alde egingo zutela. Une horretan suspertu ziren gure mutilak eta defentsa lanetan asmatzen hasi ziren. Horrek, kontraeraso batzuk burutzeko aukera eman zien eta sei minutuetan markagailua irauli zuten, 25 eta 21 aurretik jarriz. Azken bi minutuetan bisitariek bi gol lortu zituzten baina garaipenaez zen inoiz arriskuan egon. Amaieran 25 eta 23, eta Iñigo Canterok entrenatzen dituen mutilak pozarren.