UROLA KE LAZTI 27 - 29 BARAKALDO
Galdu arren, gure mutilek partida itxurosoa jokatu zuten.
Ez ohiko egunean, asteazkenean, partida izan genuen Ispilla kiroldegian. Laugarren jardunaldian atzeratutako norgehiagoka zen eta bisitari Barakaldoko taldea, denboraldi amaieran goi aldeko postuetan, lehenengo nazionaleko mailara igotzeko borrokan izango den taldea.
Bizkaitarrak lehenengo unetik izan genituen markagailuan aurretik. Atezainaren lan onari eta erasoan azkar jokatzeari esker zuloa zabaldu zuten. Bazirudien erraz aginduko zutela baina Canteroren mutilak suspertu eta taldeko lanean oinarriturik, tartea hiru-lau goletan mantentzea lortu zuten. Lehen zatiaren amaieran 10 eta 13 bisitariak aurretik baina partida irekia zegoen.
Jarraipenean horitxoek defentsan oldarkorrago kantxaratu ziren eta pixkanaka tartea murriztuz joan ziren. Zatiaren erdialdera, zalegoaren gozamenerako, partida berdintzea lortu zuten. Aurretik jartzen ez zuten asmatu eta bizkaitarrak berriz ere hiru goleko aldea lortu zuten. UROLA KE LAZTIkoek ordea ez zuten amore eman eta beste behin berdintzea lortu arren, ahalegina alferrikakoa izan zen, bisitariek txapeldun izateko hautagaiak zergatik diren erakutsiz partida lotua eraman zuen amaieraraino. Bukaeran 27 eta 29, baina jokalariak eta zalegoa itxaropentsu egoteko arrazoiak badituzte, asteazkenean bezala talde lanean oinarritutako partidak jokatuz garaipenak etorri beharra dutelako. Hurrengo aukera larunbatean Leioako Quiron Azkartzaren aurka Ispillan bertan.