Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

UROLA LAZTI, TXAPELDUN

alt

Horiak Gipuzkoako lehen mailako txapeldun bilakatu ziren atzo Ormaiztegin behar zuten puntua eskuratu eta gero.

Atzokoa egun seinalatua zen taldeko partaide guztientzat, hain gogor eta desiratua izan den ligako txapela eskuratzekoa baitzen. Azken bi jardunaldietan puntu bat eskuratzearekin nahikoa zuten eta lehen "match point"ean eskuratu zuten berau, Zubipen, txapelketako kantxarik gogorrenetakoan, 30na berdinduta.

Aurreko jardunaldietan bezala zaleek ez zuten hutsik egin eta, ordutegia deserosoa zen arren, Zubipeko harmailei itxura paregabea eman zieten Zumarraga-Urretxutik joandako dozenaka zalek. Beraien ohiu eta animoek eragina izan zuten neurketan zehar gure taldeak topatu zituen zailtasun ugariei aurre egiteko.

Astean zehar pilatutako tentsioagatik, edota horrelako partidek dakarten urduritasunagatik, Iñigo Canteroren mutilei asko kosta zitzaien partidan sartzea eta ondorioz lehen zatian Ormaiztegik markatutako erritmoan jokatu zuten. Defentsako lanetan ez zebiltzan fin, bada, etxekoen eraso bakoitza baloia sareetan zela amaitzen baitzen. Egoera honek erasoan asmatzera derrigortzen zuten gure taldea, bestela aldea handiegia bihurtu zitekeelako. Gauzak ez zeuden batere argi eta bederatzi minutu eskas jokatu zirenean entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen egoerak oso itxura txarra zuen eta 8-4 baitzen emaitza. Une horretatik aurrera, jokoa asko hobetu ez arren, UROLA LAZTIK, markagailuko aldeak murriztea lortu zuen atsedenaldirako, itxaropenera bultzatzen zuena 15-13.

Deskantsu hitzaldiaren ondoren, gure mutilak partida irabaz zezaketelakoan sinestuta kantxaratu ziren eta berehala lehia berdintzea lortu zuten, baita aurretik jartzea ere, neurri handi batean, geldiezina izan zen Alain Beltzaren jokaldiei esker. Behin markagailuan aurretik zirela jokoa asko argitu zuten horiek, distantzia handitzea ere lortu zutelarik. Hala eta guztiz ere, etxekoak lanerako zeuden eta nahiz eta hainbat unetan jokalari bat gutxiagoz aritu, besoak jaitxi barik, lanean jarraitu zuten bisitarien sufrimendurako. Horrela erabakita zirudien partida (27-30) hamalu segundoren faltan berdintzea lortu zuten. Une horretan Iñigok ongi asko eskatu zuen hutsartean, animoak lasaitu eta burua erabiliz azken segundoetan baloia mantentzeak zuen garrantziaz jabetu eta azken segundoak jokatzeko prestatu ziren. Liga baten zuen balioa zuen baloia ez zuten galdua eta tutua entzundakoan poza lehertu zen. Gipuzkoako lurraldeko lehen mailako txapeldun zen gure taldea eta ederki asko ospatu zuten bai jokalariek, bai arduradunek eta bai zaleek.

Dema amaitutakoan jokalariak ez ziren bertaratutako zaleez ahaztu, harmailetatik emandako animo, garrasi eta ateratako zarata eskertu zieten, etxean ari zirela baitzirudien. Lerro hauetatik ere Zubipera gerturatu ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, arrakastaren zati bat ere eurena baita. Ez genituzke ahaztu nahi, igandean Ormaiztegin ez, baina denboraldi osoan zehar, une on eta txarretan, taldeari laguntzen jardun duten pertsonak, beraiei ere eskerrikasko.

Azken finean, titulu hau denona da. Jokalari, taldeko arduradun, babesle, kolanoratzaile, zale, eta behe mailetan ari diren gazteena, izan ere, denoi esker da UROLA KE gaur egun dena.

Orain ospakizunerako garaia da. Atzokoan bazkari eder batekin ospatu zuten taldeko partaideek, eta hurrengo jardunaldian, azkenekoan, Ispillan, txapeldunek Egia hartuko dute, Liga eskuratzea ospatu nahiko dutelarik. ZORIONAK DENOI!!!