Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Kirolean berdintasunaren alde egindako lanagatik saritu gaituzte

alt

·

    Abenduaren 12an, osteguna, Emakume eta Kirolari buruzko XIV. Mintegia egin zen Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. Mintegi honetan emakume kirolari ospetsuak eta arlo honetako adituak biltzen dira, kirol arloan berdintasunak duen garrantzia ikertu eta hori lortzeko nola lan egin aztertzeko. Kirol lege berria ere jorratu zuten, gainera.

    Mintegiko unerik hunkigarrienetako bat Emakumea eta Kirola Sarien 6. edizioko sari banaketa izan zen. Sari honek kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin pertsonek, erakundeek, kirol klubek eta federazioek egindako ibilbidea eta hartutako konpromiso irmoa aitortzen ditu.

    Epaimahaiak, ASPASIA Emakumeen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiko Aukera Berdintasunerako eta Genero Politiketarako Unitateak, Cristina Ubani berdintasunean adituak, Bizkaiko Futbol Federazioak (iaz saritua izan zen sari hauen 5. edizioan), Karmele Gisasola pentatletak eta Deustuko Unibertsitateak osatzen zuten, eta UROLA ESKUBALOI KLUBAK berdintasunaren alde egindako ibilbide nabarmena aitortzea erabaki zuen.

    Angel Maniegak, Urola EKko presidenteak jaso zuen saria, Arantxa Uria Kirol Profesionaleko Emakumeen Elkarteko presidenteordearen eskutik.

6. edizio honetako beste sarituak hauek izan dira: Ane Santesteban txirrindularia, banakako kategorian, eta KAIT taldea, Kirola Kudeatzeko Euskal Elkartea, enpresa edo erakundeen kategorian.


    Zorionak saritutako guztioi eta eskerrik asko ASPASIAri gure Klubari eginiko aitortzagatik; kirolean berdintasunaren alde, eta beste proiektu batzuen alde, lanean jarraitzeko indarra eta motibazioa ematen digun aitortza.