MARTXOAREN 18KO ETA 19KO KRONIKAK ETA EMAITZAK
Asteburua oso ondo hasi zen larunbatean, lau partidatan lau garaipen lortuta, baina igandeko hiru porrotekin okertu zen.
1. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
UROLA EK LAZTIMENDIren garaipen landu eta garrantzitsua Ispillan Ordizia liderraren aurka.
Lehen erdian, jokoan berdintasuna egon arren, bisitariak beti egon ziren aurretik markagailuan, atsedenaldiko 12 eta 14koak adierazten duen bezala.
Bigarrenaren hasiera horien aldekoa izan zen, eta 6 eta 0 partziala izanik, markagailua hamar minutuan irauli zuen.
Defentsako intentsitatea eta erasoko trebetasuna funtsezkoak izan ziren errenta mantentzeko, eta ordiziarrak bost minutu falta zirela gol bakar batera hurbildu ziren arren, ez zuten aldea irauli eta gureek egoera birbideratu zuten azken 28 eta 25era arte.
Ispillan bizi izandako giro ona eta zaletasunak taldeari transmititutako adorea azpimarratzekoa da.
Bi jardunaldi falta dira, eta igoera fasea jokatzeko helburua lortzea gure esku dago. Ez dago akatserako tarterik, eta hurrengo jardunaldian Ormaiztegiko Zubipe bisitatuko dugu, irteera zaila zinez.
UROLA EK LAZTIMENDI, 28 - ORDIZIA SIGLO XX PLATER PRESTATUAK, 25
1. LURRALDEKO EMAKUMEZKOAK
Aurreko jardunaldian gertatu zen bezala, lehen zati txukun baten ondoren (13 eta 9 atsedenaldian), UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIO behera egin zuen bigarrenean eta partidatik irten zen. Defentsa lanetan ahul eta erasoan kamuts, gure neskek ez zuten beren neurria eman eta, urnietarren jokoa gutxietsi gabe, erraztasun handiak eman zituzten.
Alde positiboan, nabarmentzekoa da ia jokalari guztiek golen bat sartu zutela. Hurrengo partidarako lana dugu, Egia izango dugu aurkari etxean. Argi dago defentsan eta erasoan hobetu behar dugula. Goazen neskak!!!
URNIETA QUEL ABOGADOS, 29 - UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIO, 16
JUBENIL GIZONEZKOAK
UROLA CRISTALERÍA GOIHERRI taldeko mutil jubenilen partida ona Bidasoaren aurka. Talde horrek bi aldiz irabazi zigun hamar golen aldeaz.
Taldea ziur atera zen irabazi zitekeela, eta ia beti aurretik joan zen markagailuan, baina lehen zatiaren amaieran izandako zenbait akatsen ondorioz, bisitariek 15na berdindu zuten atsedenaldia.
Bigarrenean, Iñigok entrenatutakoak oso kontzentratuta atera ziren, eta hiruzpalau goleko abantaila lortu zuten, baina Bidasoak etsi, eta dasabantaila gol batera murriztu zuen. Oraingoan horiak ez ziren urduri jarri, egoera ondo kudeatu zuten, garaipena lortuz.
Partida ona, oro har. Atearen aurrean asmatuz, defentsako prestazioak hobetuz, atezainak ere eraginkor... Taldea Federazio Txapelketan bigarren postuan jarraitzen du.
UROLA EK CRISTALERÍA GOIHERRI, 34 - I & D TRAS BIDASOA IRUN, 30