OTSAILAREN 4KO ETA 5EKO KRONIKAK ETA EMAITZAK
Aurreko asteburuan baino partida gutxiago, hiru taldek atsedena izan zuten, nahiko positiboa izan zen jardunaldia: porrot bat, berdinketa bat eta lau garaipen.
1. LURRALDEKO EMAKUMEZKOAK
Larunbatean jokaturiko partidan defentsa lan ona egin zuen UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIOk, baina erasoan kamuts aritu zen eta horrela zaila da senior mailan partidak irabaztea.
Gure taldea gaztea da, eta partidaren une erabakigarrietan asko nabaritzen da esperientzia falta hori. Arlo honetan asko dugu hobetzeko, baina jokalarien gogoarekin eta jarraitzaile leialen bultzadarekin, indarberrituta egongo dira Ereintzari aurre egiteko.
Partidan Naiara Romerok min hartu zuen. Denboraldi honetan lesionatzen den laugarren jokalaria da, eta horrek ere taldea ahultzen du. Gure animoak Irene, Naia, Eider eta Naiararentzat. Aupa Urola!!
UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIO, 16 - MUNTTARPE, 26
1. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
UROLA EK LAZTIMENDIko mutilek berdinketa lortu zuten Txingudi taldeari eginiko bisitan. Horitxoak beti atzetik joan ziren markagailuan, 14 eta 9 atsedenaldian. Bigarren zatiaren erdian, Inixiok entrenatutakoek borroka orekatzea lortu zuten, eta aurretik ere jarri ziren, baina ez ziren tartea zabaltzeko gai izan eta 26nako berdinketarekin iritsi ziren amaierara.
Gure mutilek presaka jokatu zuten, irabazteko grinak ahal izan zien eta ez zuten partidaren kontrola izan. Denboraldi honetan ez dago aurkari errazik, talde guztiek estutzen dute eta emozioak kontrolatu behar dira eraginkorragoak izateko.
TXINGUDI GOIBAR, 26 - UROLA EK LAZTIMENDI, 26
ESKUBALOI ESKOLA
Igande goizean Ispillan elkartu ginen La Salle Legazpia, Zarautz KE eta Urola EK Eskubaloi-Eskoletako neska-mutilak. Goiz trinko eta dibertigarri batean lau partida jokatu genituen, txikienek beren oinarriak hobetu eta eskubaloiko zirrikituetan sakontzeko. AURRERA!!!