URRIAREN 15KO ETA 16KO KRONIKAK ETA EMAITZAK
Azpimarragarriena infantilen debuta da. Mutilentzako garaipena, nesken porrota.
1. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
Hirugarren jardunaldia eta CB UROLA EK LAZTIMENDIren lehen porrota Donostiako Saiekoren aurka. Partida orekatu eta borrokatua espero zen, ordura arte galdu gabe lidergoan zeuden bi talde neurtzen baizituzten indarrak.
Gol-trukea partida osoan zehar mantendu zen; horren adibide atsedenaldiko 13 eta 12koa. Horitxoek, behartu gabeko akats gehiegi egin zituzten, kanporatzeak, oker amaitutako jokaldiak, etab eta ezin izan zuten markagailuan tarterik zabaltzerik izan, aurreko partidetan egin bezala.
Hala ere, puntuatzeko aukerei eutsi egin zitzaien azken segundora arte, baina etxeko zaleen presioa nabaritu zen, eta, amaiera polemiko eta estu batean, Saiekok penalti bat gauzatu, eta Urolak azken jaurtiketa langara bota zuen.
Amaierako 28 eta 27kopa dezepzio txiki bat izan zen, baina goi-mailako talde baten aurrean, jokaleku oso konplexu batean, erakutsitako lehiakortasunaren irakurketa ona, baikorra egin behar dugu.
Ispillan Txingudiren aurka jokatuko dugun hurrengo partiduak pizgarri gisa balio behar du, irabazteko joerari berriro ekiteko.
SAIEKO GRUPO SEYPREL, 28 - UROLA EK LAZTIMENDI, 27
1. LURRALDEKO EMAKUMEZKOAK
Lau egunetan bigarren partida Nagorek entrenatutako neskentzat. Gainera, bajak zirela eta, partida gutxituta jokatu zuten. Hala ere, eta markagailuak kontrakoa adieraz badezake ere, duelua entretenigarria eta ikusteko polita izan zen.
Lehen zatian, CB UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIOk gehiegi huts egin zuen jaurtiketetan, eta baloi-galerak direla eta, markagailuan tartea ireki zuten bisitariek, 9 eta 19 atsedenaldian. Bigarren zatian, etxekoak defentsa lanetan hobera egin zuten eta atearen aurrean eraginkorrago aritu ziren.
Pixkanaka hobera ari dira, gol gehiago sartzen dituzte… orain gutxiago jaso behar dira. Erakusten duten gogoarekin eta azken hatsera arte lehiatzeko pentsaerarekin, neska hauek pozen bat emango digute.
UROLA EK CONSTRUCCIONES ANTIO, 22 - EREINTZA BEISSIER, 33
JUBENIL GIZONEZKOAK
Oso partidu ona horitxoek larunbatean jokatu zutena. Oso entxufatuta kantxaratu ziren, bai defentsan bai erasoan, eta berehala 0-8ko partziala egin zuten. Lehen zatian, Iñigok entrenatutakoak sendo egon ziren defentsan, eta legazpiarrei bisitarien atea zulatzea kosta zitzaien; 5 eta 13 atsedenaldian.
Bigarren zatian, CB UROLA EK CRISTALERÍA GOIHERRIkoek intentsitateari eutsi zioten, eta emaitza argia bezain bidezkoa izan zen.
Lehen fasea amaitzeko partida bat geratzen da, eta Donibanearekin etxean berdintzea nahikoa da denboraldiko lehen helburua betetzeko, hau da, mailako lehenengo seien artean sailkatzeko. Topera entrenatu behar da aste honetan!
KARIBE ZAHARRA LEGAZPI, 14 - UROLA EK CRISTALERÍA GOIHERRI, 30
KADETE EMAKUMEZKOAK
CB UROLA EK URZUM taldeko neskek 19tik galdu zuten bere ligako talde indartsuenaren aurka. Baina eskubaloian dena ez da irabaztea edo galtzea. Gureak ikusgarri aritu ziren, gogo biziz borrokatu zuten eta ez ziren behera etorri oso une zailetan. Asko dago hobetzeko, baina haiekin edonora joan daiteke, diote entrenatzaileek. GOAZEN !!!
UROLA EK URZUM, 19 - CARTONAJES ARREGI ALOÑA MENDI KE, 38
INFANTIL GIZONEZKOAK
Gizonezko Infantilen debuta, azken 30 segundoetan irabazi zuen partida oso lehiatu batean. Bigarren erdian CB UROLA EK RSAk abantaila erosoa zuen, baina Oiherrek entrenatutakoak fidatu egin ziren eta zarauztarrek ia atzera egin dute. Garaipena defentsan oinarritu zen. Eutsi !!!
AMENABAR C ZKE, 17 - UROLA EK RSA, 18