JUBENIL ETA KADETE MAILAKO NESKAK-MUTILAK LIGA AMAITU DUTE
Lehen taldeak 2015eko lehen porrota jaso zuen eta infantilak batean kale, bestean bale
UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZAko jubenilak ez zuten ligako azken norgehiagoka jokatu ormaiztegiarrak, jokalari gutxi zituztela eta, partida bertan-behera uzteko eskatu bai zuten. Liga amaieran gure mutilak 5. postua eskuratuko zuten, baina Federazioak ez du aintzat hartzen postu hori, taldean mailari dagokion baino adinez zaharragoak diren jokalariak bai ditugu.
Maila bereko emakumeetan, UROLA EK AIKEReko neskak 11. lekua lortu dute. Azken norgehiagokan Gasteizko Consulting Alavesen aurka neurtu zituzten indarrak eta amaieran 17nako berdiketa erakusten zuen markagailuak. Lehiaren pisua arabarrak eraman bazuten ere, gure neskek ez zuten amorerik eman eta aurretik jartzeko gai izan ziren. Azken uneko ahaleginean ordea, bisitariek markagailua berdindu zuten.
Kadete mailan, UROLA EK A. ARANZADIko mutilek Hondarrabia hartu zuten menpean, 33-30eko emaitzaz. Aurreko asteburuan, joaneko partidan, hondarribitarrak nagusi izan bazieren ere, itzulikoan hori-urdinak arantza ateratzeko gai izan ziren. Lehia guztian zehar agindu zuten markagailuan, baina tarte handirik lortu gabe. Emaitza honekin 5. postua eskuratu dute Morandarren mutilek eta orokorrean liga txukuna egin dutela esan genezake.
Neskei dagokionez, Aritzenak Ordizian esan zioten agur beraien ligari. Ondo agurtu zuten gainera, garaipen batekin (10-14) itzuli bai ziren herrira. Garaipen honekin, 19. eta 24. arteko postuak erabakitzen zuen multzoko txapeldun irten dute UROLA EK UGARTE HARATEGIA/IRATI TABERNA taldeko neskak.
Lehen taldekoak, Andoainen irabaziz eta Usurbilen liderraren aurka berdinduz, hasiera ona eman zioten 2015. urteari, baina hasiera on horrek etena izan zuen larunbatean etxean. Eibarko Haritza zuten aurkari eta, irabaziz gero, sailkapenean postu pare bat aurreratzeko aukera bazuten ere, usteak ustel geratu ziren.
Ez ziren ondo hasi Iñaki Larrearen mutilak, baina lehen zatiaren erdildean suspertu eta atsedenaldira aurretik (15-13) iritsi ziren. Bigarrengoari indartsu ekin zioten etxekoak eta lau goleko errenta lortu zuten. Bisitariek defentsa-sistema aldatzearekin batera gaua sartu zitzaien hori-urdinei eta ezinean aritu ziren. Apurka armaginek markagailua iruali zuten eta amaieran (23-26) bi puntu garrantzitsu Eibar aldera alde egin zuten.
Infantil gizonezkoak igandean jokatu zituzten zegozkion partidak Ispillako kiroldegian. Lehen urtekoak derbia zuten Legazpiko La Salleren aurka eta auzokoak aise nagusitu ziren. Hasieratik aldegin zuten markagailuan eta ez zuten eragozpenik izan 9-23 nagusitzeko. Gure mutilek ordea, ez zuten inoiz amore eman eta aldea murrizteko ahalegnetan buru-belarri aritu ziren, hobetzeko bidea zein den garbi dutela erakutsiz.
Bigarren urteko mutilekin alderantziz gertatu zen, etxekoak jaun eta jabe izan ziren lehia guztian zehar. UROLA EK GOIERRIBUSekoak , Hernani ET talde gaztea menpean hartu zuten 28 eta 5eko argi batekin.