MAILA HANDIKO EUSKAL KOPA
Joko ona, zirrara, jokalari handiak eta Bera-Bera garaile Ispillan jokaturiko lauko finalean.
Senior mailako Emakumezkoen Euskadiko Kopak ikusleen erantzun ona jaso zuen. Eskubaloi zaleak Euskadiko lau talde onenekin gozatzeko aukera izan zuten asteburuan Zumarragako Ispilla kiroldegian. Goi mailako eskubaloia eskaini ziguten bertan aritu ziren jokalariak, tartean Bera-Berako internazionalak diren Eli Pinedo, Patricia Elorza eta Ana Martínez.
Larunbatean finalaurrekoak jokatu ziren eta aurrez faborito ziren Kukullaga eta Bera-Berak aise gainditu zituzten Zarautz (36-26) eta Zuazo (32-18), hurrenez hurren.
Era horretan, igandeko finalean, hamabost egun lehenago leku berean elkarren aurka aritu ziren bi talde izan genituen. Orduko lagunartekoan gipuzkoarrak erraz irabazi zuten, baina finalak finalak dira eta ez da jakiten nundik nora joango diren eta bizkaitarrak ezustea emateko prest kantxaratu ziren.
Lehen zatian, defentsa sendo batean oinarriturik, donostiarrak kontraerasoak baliatu zituzten markagailuan tartea zabaltzeko eta estutasun handirik pasa gabe iritsi ziren atsedenaldira, 15-7. Aipagarria Patri Elorzak defentsan eginiko lan bikaina.
Jarraipenean ordea Kukullagako neskak oldarkorrago kantxaratu eta sendoago aritu ziren. Bera-Berakoak zailtasun gehiago izan zituzten golak sartzeko eta, apurka-apurka, etxebarrikoak tartea murrizten joan ziren. Amaierarako zortzi minutu falta zirelarik, hiru goletara jarri ziren (20-17) Orduan azaldu zen Ana Temprano, donostiarren atezaina, eta atepean eginiko lan bikainak bizkaitarren susperraldia geldiarazi zuen. Amaierara arte golak bi ateetan tartekatu ziren eta epaileek azken txistua jotzean Bera-Berakoak ziren aurretik (23-19) Garaipen honek, iazko Euskal Kopako finaleko mendekua hartzekoz gain, datorren astean hasten den ligako bigarren atala moralez gainezka ekiteko balioko dio Imanol Álvarez eta Martin Larrañagak entrenatzen duten taldeari.