LEHEN GARAIPENA TALDE NAGUSIARENTZAT
Porrotak gainontzeko taldeen partidetan
Aurreko jardunaldian lehen puntua lortu ondoren UROLA EK LAZTIMENDIkoek lehen garaipena eskuratu dute asteburu honetan eta sailkapeneko zulotik burua ateratzen hasi dira. Behar haundia duten bi taldeen arteko lehia izan da Usurbilgoa, non Mendia eta “Canario”ren mutilek nagusitu dira 30 eta 36. Partida osoan aurretik izan dira hori-urdinak, baina lehen zatian ez dute tartea zabaltzen asmatu. Bigarrengoan, apurka-apurka, markagailuan aldea egitea lortu dute, horretarako atepean Aitor Aizpururen lana erabakiora izan delarik. Etxekoak buruz buruko defentsa egin duten arren ahalegina alferrikakoa izan da eta bi puntuak Urretxu-Zumarraga aldera etorri dira. Ostegunean, bere garaian ordiziarren aurka atzeratutako partida izango dute puntuak batzen jarraitzeko urrengo aukera. EUTSI MUTILAK !!!
Kadete mailako mutilek lehen faseko azken partida izan dute. Lehen urteko UROLA EK A. ARANZADIkoek Bidasoa izan dute arerio Ispillan eta partida orekatua izan den arren, hori-urdinak, 24-25 estu batez, galtzaile suertatu dira. Bigarren urtekoak berriz, multzoko bigarren postua eta Gipuzkoako Txapelketarengatik borrokatzeko aukera zuten jokoan Oñatin. Erantzunkizuna zama handia izan da gure gaztetxoentzat. Alexen eta Nagoreren mutilak ez dira eroso sentitu. Lotuta aritu dira, baloi ugari galduz, joko motela eginez, bakarrik bederatzi gol sartzeko gai izan dira. Tamalez, UROLA EK LUIS ANGEL ITURGINTZAko mutilek ez dute lehen fasea borobiltzen asmatu, baina burua altxa, lanean jarraitu eta denboraldi hasierako jokoa berreskuratuko dute, ondo jokatzeko gai direla erakutsi bai digute. EZ ETSI MUTILAK !!!
Azkenik, jubenil mutilen eta kadete nesken mailetan enfrentamentu hirukoitza izan dugu Andoaingo Leizaran klubaren aurka, eta hiruetan galtzea egokitu zaigu. Mutilak izan dira andoindarrak estuen hartu dituztenak, 27-30. Neskak ezer gutxi egin ahal izan dute: UROLA EK AIKERekoak 18-9, eta UROLA EK UGARTE HARATEGIA/IRATI KAFETEGIAkoak 20-7koaz galdu dute.