ENTZUN, ENTZUN, ENTZUN. . . UROLA TXAPELDUN !!!
Lehen urteko kadete (txapelkata honetan infantilak) emakumezko eta gizonezkoak txapeldun izan dira Lloret Cup 2010 Nazioarteko Torneoan.
Goizean neskak lehen faseko azken partida izan zuten Ruidellots CH taldearen aurka. Dagonekoz bi taldeak finalerako sailkatuak ziren eta norgehiagoka berdinketaz amaitu zen.
Finalean gure neskak urduri hasi ziren eta Kataluinakoak aurretik ziren lehen zatiaren amaieran. Bigarrengoan horitxoak hobeto aritu ziren, batez ere defentsako lanetan, eta ez zuten golik jaso. Erasoan asmatzen hasi zirenean markagailuari buelta emanteko gai izan ziren. Finala irabazteaz gain, partida horretako jokalari onenaren saria ere gure neskentzat izan zen, konkretuki Noelia Gonzalez de Ulibarri atezainarentzat.
Mutilei dagokionez, taldeburu izan ziren eta goizean finalaurrekoa izan zuten Alemaniako TSV Ismaning “B” taldearen aurka. Gureak erraz nagusitu eta finalerako sailkatu ziren.
Finala TSV Ismaning “A” taldearen aurka izan zen. Dagoenekoz bi aldiz neurtuak zituzten indarrak bi taldeak (lehena txapelketako estreineko partida) eta bietan horitxoek izan ziren nagusi. Oraingoan ordean alemaniarrak ez zuten ustekabarik nahi eta gure mutilen joko onari aurre egin zioten. Jokoa orekatua izan zen eta bata zein bestea aurretik izan ziren markagailuan. Amaierara berdiketaz iritsi ziren eta bost minutuko luzapena jokatu zuten. Luzapenean urrezko gola zegoen, hau da, lehen gola sartzen zuena izango zen txapeldun. Lehenengo jabetza gure mutilek irabazi zuten baina jaurtiketan huts egin zutenez alemaniarrak aukera izan zuten. Aukera aprobetxatu ez eta gure hurrengo erasoa penaltian amaitu zen. Alemaniarren atezainak penaltia gelditu zuen eta TSVkoen jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora. Horitxoek ez zute hirugarren aukera alperrik galdu eta Jon Etxeberriaren jaurtiketa alemaniarren sareetan bukatu zuen. Gola, txapeldunak eta zoramena. Final honetako jokalaririk onena gure taldeko Jon Etxeberriarentzat izan zen.
Aipagarria da baita ere lehenengo eta bigarren urteko kadeteek osaturiko taldeak lortu zuen laugarren postua. Finalaurrekoetarako sailkatu zen eta aurkari gogorra egokitu zitzaion, Askö HC Urfahr austriarra eta nagusitasun osoz gailendu zitzaien. Hirugarren eta laugarren posturako partidan Banyoles Katalanarren neurtu zituzten indarrak. Ahalegindu arren ez zuten irabazi eta laugarren postuarekin etsi behar izan zuten, kontuan izateko postua.
Bost garaikur horiez gain UROLA Keak beste sari bat ere ekarri zuen Urretxu-Zumarraga aldera. Antolakuntzak talde edo kirol elkarte onenarentzat zuen saria. Joko garbia, animazioa, talde izaera... izan zituzten kontuan eta arlo honetan ere gure Kirol Elkartea nagusi izan zen. Gainontzekoen miresmena lortu zuten txapelketa osoan izan zuten jarrera eredugarriarengatik, erakutsitako aldarte onarengatik, kiroltasunarengatik. Adibide gisa finaletako egunean harmailetan jarritako giro bikaina izan daiteke: batukada, trikitixa, dantza, kantuak... ikusle eta talde guztiak kutsatuz eta Valerio Rivera, Espainiako eskubaloi hautatzailea bere ere harrituz.
Bertan izan ginen jokalari, arduradun eta gurasoek ez dugu erraz ahaztuko bertan bizitakoa, merezi izan du urruiraino joatea, Lloreten eskubaloia bizi izan dugulako. ZORIONAK DENEI ETA HORRETAN JARRAITU !!!