Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

KADETE GIZONEZKOAK: BATEAN KALE, BESTEAN BALE


Aurreko asteburuko jardunaldian bezala kadete mailako gizonezkoen taldeak galdu eta irabazi egin dute. Oraingoan bigarren urteko kadeteak dira porrotaren zapore mingotsa dastatu dutenak eta lehenengo urtekoak garaipenaz gozatzeko beta izan dutenak.


Goiz partean UROLA KEk eta Hondarribiko La Bacaladera taldeak neurtu zituzten indarrak. Hastapeneko hamabost minutuetan oreka izan bazen ere, erdi aldetik aurrera bisitarien nagusitasun teknikoa gailentzen joan zen eta markagailuan tartea zabaldu zuten. Hala eta guztiz ere Ikerren mutilek lehenengo zati txukuna eginez itxuroso mantendu ziren eta atsedenaldian 9 eta 14ko emaitza genuen. Bigarren zatiaren hasierak ere lehen zatiko bidetik jarraitu zuen, hondarribitarrak apurka tartea handitzen eta partidan sartuta jarraitzeko horitxoen ahalegin guztiak antzuak ziren. Amaierako 22 eta 38koak garbi adierazten du bi taldeen arteko diferentzia.

Beste batzuetan aipatu izan dugun bezala talde hau ikaste prozesu batean murgildua dago, partaide kopuru handi bat lehen urratsak ematen ari bait da eskubaloian. Oraindik hobetzeko asko egon arren, entrenamenduetan eginiko lana nabari da eta une batzuetan gauza politak erakusten dizkigute. Bide horretan, lanean saituz eta beraiek duten gogo eta grinarekin, geroz eta eskubaloi hobea eskainiko digutela ziur gaude. ANIMO MUTILAK !!!

Arratsaldean Jose Angelen mutilen txanda zen. Sailkapenean gure taldearen puntu kopuru bera zuen Bergara Soraluce zuten arerio, beraz, irabaziz gero, aukera polita aurkari bat gainditzeko. UROLA KE PREMANKekoen jokoa ez zen aurreko astean erakutsi zuten bezain azkarra eta sormenekoa izan, bai eraginkorra ordea eta tartea zabaltzea lortu zuten. Lehen zatiaren erdialdera, horitxoek lau goleko abantaila zutenean, bisitariek defentsa sendotuz, gure mutilek pasetan huts egitea behartu zituzten eta honek kontraeraso batzuk burutzeko aukera eman zien eta berriz ere partidan sartu ziren bergararrak. Atsedenaldira hamaikana berdindurik iritsi ziren.

Garbia zen bisitariek gure mutilen hutsez balitu zirela partida orekatzeko eta atsedenaldi tartea akats horiek zuzentzeko erabili zituen entrenatzaileak eta badirudi honen esanak eragina izan zutela, gureak berriz aurrea hartu bai zuten. Pixkanaka tartea zabaltzen joan ziren eta zatiaren erdialdera bots goleko aldea zuten. Oraingoan, lehen zatian ez bezala, horitxoek ez zuten behera egin eta abantaila mantentzen asmatu zuten amaierara 29 eta 24koarekin iritsi zirelarik.

Nabaria da talde bezala jokatu eta arreta mantentzen dutenean joko mailak gora egiten duela, beraz ildo horretatik jarraitu beharra dute Jose Angelen mutilek. Hauek ere hobetzeko tartea badute eta lana da aurrera egiteko modu bakarra. Zuei ere, ANIMO !!!

Aipagarria da, baita ere, zalegoak bi taldeekin duen jarrera zoragarria. "Urrezko mutilak" bezala batailatu ditu jokalariak eta naiz irabazi, naiz galdu, etengabe animatzen ditu. Horrelako zalego eta jokalariekin ziurra da eskubaloiaz gozatuz jarraituko dugula.