Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

UROLA LAZTIren PORROTA.


Talde horiak partidu kaskarra jokatu du eta sailkapenaren goi aldean jarraitzeko garrantzitsuak ziren bi puntu galdu ditu.

UROLA LAZTIk merezimendu osoz galdu du gaur arratsaldean Usurbil KEaren aurka jokaturiko partidua. Hasieratik bisitariek gehiago izan dira. Bai erasoan, bai defentsan, txukun aritu dira eta gure mutilek behin eta berriz egin dute talka bederatzi metrotan ezarri duten harresiaren aurka.

Zoritxarreko arratsaldea izan da gaurkoa. Entrenamenduetan landutako jokaldiak ez ziren ongi burutzen, bat baten aurkako jokaldi gehienetan etxekoak galtzaile irtetzen ziren, piboteekin gutxi jokatu dute, atezaina ere ez zebilen oso fin... Guzti honi bisitariek defentsan gogor aritu direla eta epaileak eskuzabal aritu dela gehitzen badiogu, ez da harritzekoa atsedenaldian markagailua usubildarren aldekoa izatea. (12 eta 16)

Bigarren zatiaren hasieran kanpotarrek 0 eta 3ko partziala lortu dute eta horrek etxeko taldeak suspertzeko zituen asmoak zapuztu ditu. Gure taldeko mutilak nahiko etsita ikusi ditugu eta hortaz baliatuz, usurbildarrak hamar goletako aldea ere izan dute markagailuan. Amaiera aldera Urola KEak banakako defentsa ezarri du eta ondorioz partidua nahastu egin da. Nahasmen horrek etxeko taldeari markagailua txukuntzeko aukera eman dio. Azken emaitza 31 eta 36koa izan da.

Alain Longás hegalekoaren jokoa azpimarratzekoa izan da. Partidu txar honetan bera izan da salbuespena. Erasoan bikain aritu da, jaso dituen baloi guztiak gol bihurtu ditu eta berari esker markagailuak erakusten zuen aldea ez da handiagoa izan.

Porrot honek datozen jardunaldietan izango duen eragina ikusteko dago, baina gure mutilek hobe egingo dute lehenbailehen ahazten badute eta berriz ere garaipenen bidean jartzen badira. Horretarako gaitasuna badutela ziur gaude eta Irunen, Irungo Gazteak taldearen aurka, izango dute lehen aukera. ANIMO ETA AUPA UROLA!!!