Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

KADETE GIZONEZKOEK JOKATURIKO PARTIDA GUZTIAK GALDU DITUZTE.


Bigarren urteko kadete gizonezkoen taldeak bi jardunaldi zituen aste buru honetan, eta bietan galtzaile irten da. Lehenengo urtekoek ere berea galdu dute.


Aste buru honetan gure kadete gizonezkoek kirol arerioen aurka ez ezik beste etsai bat ere izan dute: ditxosozko gripea. Norgehiagokei jokalari gutxiagorekin edo makal zeudeneki aurre egin behar izan die.

Ikerrek entrenatzen duen UROLA KEk bi lehia zituen asteburuan. Larunbatean Tolosaren aurka neurtu zituen indarrak. Gure mutilek eskarmentu gehien duen atezaina falta zuten eta tolosarrak taldea osatuago eta teknikoki hobea dutenez, laster ikusi zen norgehiagokak nondik joko zuen. Etxekoek laster ireki zuten tartea eta nagusi izan ziren partida osoan. Horitxoek saitu arren ezin izan zuten ezer egin eta amaieran markagailuak 53 eta 16ko argi bat isladatzen zuen.

Igandean partida Ispillan zuten Zarautzko Amenabarren aurka eta gripez jotako jokalari gehiago zituzten gure mutilek. Atezainak gaixorik zeuden eta postu horretan jokatzen ez dutenak bete behar izan zuten leku hori. Horrela Zarauztarrak nagusi ziren eta lehen zatiaren amaieran 8 eta 25 ziren aurretik. Bigarren zatian lehia ildo beretik zihoan epaileak, bi taldeetako arduradunekin kontsultatu ondoren, partida bertan behera uztea erabaki zuenean. Itokinegatik kantxa labainkorra zegoen, zutik mantentzea zaila zen eta egoera horretan jokatzen jarraituz inork min hartzeko arriskua handia zenez, erabakik onena hartu zutela iruditzen zaigu.

UROLA KE PREMAKeko mutilak ere justu antzean joan ziren Urnieta aldera. Jokalari batzuk etxean geratu behar izan zuten eta beste batzuk aste osoan gaixo egon ostean ahul samar ziren. Egoera ez zen itxaropentsuena baina gauzak nahiko ongi hasi ziren. Entrenamanedu saioetan landutako jokaldiak erraztasunez burutzen zituzten eta atearen aurreko eraginkortasunak markagailuan aurretik jarri zituen gure mutilek. Urnietarrak baimendutako bi jubenilen jokoan oinarritu ziren gure mutilei aurre egiteko eta lehen zatiaren amaieran 15 eta 12 ziren aurretik.

Bigarrengoan, Jose Angelen mutilak flojo antzean hasi ziren. Baloia asko galdu zituzten eta etxekoek kontraeraoez baliatuta zortzi goleko aldea lortu zuten. Bazirudien horitxoek alde handiz galduko zutela norgehiagoka, baina Jose Angelek 3 - 3ko defentsa aurreratu bat agindu zuen eta gauzak aldatzen hasi ziren. Presio horri esker urnietarrak ziren orain baloia galtzen zutenak eta horitxoek erasoan hobera egin zuten. Tartea pixkanaka murrizten zihoan eta urnietarrak urduritzen hasi ziren neurrian gure mutilak hazten joan ziren. Ahalegina ordea ez zen nahikoa izan eta amaieran bi goleko aldeaz, 29 eta 27, galdu zuten Urretxu-Zumarragakoek, sapore gazi-gozoa utziz.

Zalegoa, beti bezala, bikain aritu zen. Une oro mutilak animatuz. Horrela jokatzea errazgo da, mila esker beraiei ere.