DERBY GARRANTZITSUA LEGAZPIN
Larunbatean UROLA LAZTIK Hegialde Auto bisitatuko du arratsaldeko 19:15etan Bikuña polikiroldegian aspaldiko ikusmin handienarekin.
Larunbatean UROLAKO lehen taldea bizilagun dugun herrira joango da gipuzkoako lehen mailari dagokion 19. jardunaldiko partida jokatzera, Bigarren Nazional mailarako igoera faseko txartela ziurtatzeko asmoz. Izan ere, irabaziz gero, beste partidetako emaitzei itxaron gabe sailkapena ziurtatuta izango du.
Gure mutilek asteburuko partida egoera hauek eskatzen duten zuhurtziarekin prestatu dute, derbya denez edozer gerta daitekeelako.
Sailkapena lortzeaz gain, garaipena pausu garrantzitsua izango litzateke txapelketako lehen postua eskuratzeko lehian. Une honetan UROLA LAZTI sailkapeneko lehen postuan da eta aurrerapausoa egingo luke liga irabazteko, berau bukatzeko hiru jardunaldi besterik geratzen ez direnean.
Larunbateko dema zaila izango da. Legazpiarrak ez dira inondik inora ere lehiakide errazak izango, nahiz eta bere esku ez izan, oraindik ere igoera fasea jokatzeko aukeraren bat baduten.
Bi herrion artean dugun erresuminak are garrantzitsuago egiten du lehia irabaztea datozen egunetan jasan beharko diren txantxa eta ile-hartze ohikoak ekiditeko. Horretarako zaleon laguntza behar-beharrezkoa da eta orrialde hontatik larunbatean hilak 28, 19:15etan denok Bikuñara agertzeko gonbita luzatzen dizuegu. AUPA UROLA!!!