KADETE MUTILEN GARAIPENA EZOHIKO JARDUNALDI BATEAN
Gipuzkoako Lurraldeko jardunaldi osoa bertan behera uzteak markatutako asteburu honetan, kadete mutilek bigarren garaipena lortu dute Euskal Ligan.
Arbitroen kolektiboari azkenaldian egiten ari zaizkion eraso fisiko zein hitzezkoen aurrean, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak, Arbitroen Batzorde Teknikoarekin batera, berak antolatutako lehiaketa osoan martxoaren 3ko jardunaldia bertan behera uztea erabaki zuen, indarkeria mota orori aho batez uko egiten diola erakusteko. Horregatik, kadete mutilek bakarrik jokatu dute partida asteburu honetan.
KADETE GIZONEZKOAK · EUSKAL LIGA
UROLA EK RSAko kadete mutilek garaipena lortu zuten Basaurin, Euskal Ligako lehen itzuliaren azken partidan.
Partida oso orekatua izan zen, batez ere lehen zatian. Gure jokalariek akats asko egin zituzten baloiaren harreran, eta horrek eraso-aukerak ematen zizkion Bizkaiko txapeldunari. Hauek jokoa bere pibotean oinarritzen zuten; jokalari oso altua, gorputz handikoa eta gelditzen nekeza.
Bigarren erdian, baloi-galerak zuzendu zituzten, eta, pixkanaka-pixkanaka, Jose Angelek eta Alainek entrenatutakoak aldeak ezartzen hasi ziren, amaierarako hamar minutu faltan bost golekoa zutelarik. Horitxoek ondo kudeatu zuten partidaren amaiera, zentzuz eta argiago jokatu zuten erasoan eta hobeto eutsi zioten Basauriko pibotearen jokoari defentsan.
Azken batean, konfiantza irabazteko eta Euskal Ligan lehiatzeko beldurra galtzeko balio duen partida.
Hurrengo partida Bidebietan Bera Beraren aurka, bigarren itzulia hasteko.
INDUPIME BASAURI, 32 - UROLA EK RSA, 37
*Bertan behera / Suspendido