OTSAILAREN 3KO ETA 4KO KRONIKAK ETA EMAITZAK
·
Launa garaipen eta porrotekin, eta berdinketa batekin, Klubeko taldeek otsailaren lehen asteburuan jokoan zeuden puntuen erdiak lortu dituzte.
Esan behar da, ia porrot denak, gol gutxirengatik izan direla; beraz, talde guztiak lehiakorrak izan direla uste dugu, eta hori baloratzekoa da.
Aipatzekoa da Kadete Gizonezkoen taldeak Euskal Ligan garaipenarekin egin duela debuta.
1. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
UROLA EK LAZTIMENDIk Pasaian lortu zuen berdinketa ez da nahikoa sailkapenaren ikuspegitik.
Donibanek hobeto ekin zion partidari, lehen minutuetan golak aise lortuz, baina gure mutilen erreakzioak ez zuen itxaron, eta partida orekatu egin zuten. Lehen erdian, defentsei gailendu zitzaizkien erasoak, atsedenaldiko 20 eta 19koak adierazten duen moduan.
Bigarren erdia oso bizia eta berdindua izan zen. Bi taldeen arteko aldeak oso txikiak izan ziren eta azken hamabost segundoetara arte ez zen norgehiagoka erabaki. Baloia horientzat zen, eta, hutsarte baten ondoren, egoera ona lortu zen garaipena lortzeko, baina etxekoen atezainak jaurtiketa gelditu zuen eta 33nako berdinketa berretsi zuen.
Inauterietako atsedenaldiaren ondoren, teorian egutegi "errazagoa" datorkigu, baina ez da akatserako tarterik izango, porrot berri batek behin betiko agur esan baitiezaieke lehen hiru postuei.
DECOTEXTIL EUSKADI DONIBANE, 33 - UROLA EK LAZTIMENDI, 33