Apirilaren 23-24ko kronikak eta emaitzak.
Emaitzei dagokienez, ez da oso positiboa izan Aste Santuko oporren ondoren txapelketara itzulera.
1. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
CB UROLA EK LAZTIMENDIk bere betebeharra bete zuen, Saieko 22-30 garaitu baizuen, baina Tolosak ez zuen barkatu Ordizian eta ez zen bete Euskal Ligan sartzeko faserako sailkatzeko beste baldintza.
Emaitza horiekin, Urolak eta Tolosak puntutan berdinduta amaitu dute, baina urdinak dira Euskal Ligara igotzeko faserako sailkatzen direnak, gol-average partikularraren arabera.
Hala ere, ez zaio balioa kendu behar denboraldi handi bati. Taldea asko hazi da, irabazteko grina izan du eta defentsan sendo aritu da. Lehiakorrak izan gara partida guztietan, sailkapenaren goiko postuetan egon gara denboraldi osoan, baina xehetasunengatik (lesioak, jaurtiketen ehunekoa, etab.) ez dugu helburua bete.
Kopan parte hartuko dugu aktibo jarraitzeko, eta hurrengo denboraldia planifikatzen hasiko gara, eman den aurrerapausoa osatzeko.
SAIEKO KE, 22 - UROLA EK LAZTIMENDI, 30
1. LURRALDEKO EMAKUMEZKOAK
Emakumezko senior taldea aurreko partidako akats beretan erori zen, eta ezin izan zuen Txingudirekin. Lehen zatian, ahul aritu ziren defentsan eta kamuts arerioaren ate aurrean. 8-4 atsedenaldian.
Bigarren zatian, CB UROLA EK URZUMekoek hamaika gol sartzea lortu zuten, baina etxekoek ez zuten inoiz emaitzaren beldur izan.
Beti bezala neskak amaierara arte saiatu ziren, hainbat defentsa mota txandakatuz, baina ezinezkoa izan zen. Jarraitu beharra dago, hiru partida geratzen zaizkigu eta ea baten bat irabazten dugun.
TXINGUDI ZUBIEDER, 27 - UROLA EK URZUM, 17
2. LURRALDEKO GIZONEZKOAK
CB UROLA EK ALAIA HORTZ KLINIKAk ohiko jokalarien hutsune asko izan ziren Oñatin jokatutako partidan. Lehen zatian eusteko gai izan ziren, et atsedenaldira hamaseinako berdinketarekin iritsi ziren. Bigarren partea luze izan zen gure mutilentzat, jaurtiketa ugari hutsegin zitzuten... Hala ere, taldeak ahal zuen guztia eman zuen, azken txistura arte saiatu zirelarik. Animo mutilak!
LANA ALOÑA MENDI KE, 35 - UROLA EK ALAIA HORTZ KLINIKA, 28
KADETE GIZONEZKOAK EUSKAL LIGA
CB UROLA EK RS ARALARek ilusioa zuen Euskal Liga garaipen batekin agurtzeko, baina ezin izan zen.
Partida orekatua hasi zen, baina Pulpo EKk atsedenaldirako lau goleko aldea lortu zuen. Bigarren zatian, Iñigoren eta Unairen taldea gaizki hasi zen, eta etxekoek abantaila bikoiztu zuten markagailuan. Defentsa mistoarekin, horiek hogeita launa berdintzea lortu zuten, baina erreakzioa ez zen hortik igaro. Sei edo zazpi baloi-galerek, partida kostakoen aldera eraman zuten.
Euskal Ligaren mailak gainditu egin gaitu, batez ere gainerako taldeek aprobetxatu dituzten erraztasunak eman ditugulako. Baina esperientzia aurrerapauso bat izan da taldearen hazkundean. Denboraldi bikaina (Euskal Ligan lehiatzea zen helburua lortu dugu) Ea zer ematen digun orain Kopak. Aupa gazteak, segi!
TXIMISTA TABERNA PULPO EK, 36 - UROLA EK RS ARALAR, 31
* Atzeratua.