Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

DENBORALDIA HASI DA


Urriko lehen asteburu honetan eman zaio hasiera 2012/13 denboraldiari. Helburu, asmo, itxaropen, zirrara... berriak. Pozka eta tristurak izango ditugu, baina ziur egon gure neska-mutilak gogor saiatu eta lehiakorrak izango direla.


Alebin mailan zer gertatzen den esperoan, oraingoz, zortzi talde izango ditugu aurtengoan. Talde berriez gain, aldaketa esanguratsu batzuk ere izan ditugu. Alde batetik, Iñigo Canterok lehen taldearen ardura utzi du eta, bestetik, José Ángel García Varak entrenatzaile eta zuzendari tekniko karguak utzi beharrean izan da, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko Lehendakari karguarekin bateraezinak direlako. Babesleen artea ere izan ditugu aldaketa batzuk.

Taldeei dagokionez hauek dira taldeen izendapenak eta beraien entrenatzaileak:
* Senior gizonezkoak: UROLA EK ANTONIO ARANZADI, Jon Mendia eta Iker Hernández.
* Jubenil Gizonezkoak: UROLA EK LAZTIMENDI, Iker Soraluze eta Ángel Maniega eta UROLA KE SUPER BM, Imanol Segurola eta Alain Longas.
* Jubenil Emakumezkoak: UROLA EK AIKER ACADEMIA ANA, Jorge Gómez eta Alain Beltza.
* Kadete Gizonezkoak: UROLA EK FONTANERÍA LUIS ÁNGEL, Nagore Zabaleta eta Alex Hurtado.
* Kadete Emakumezkoak: UROLA EK, Mikel Burguera eta Julen Cabrera.
* Infantil Gizonezkoak: UROLA EK, José Manuel Morán eta Aitor Morán.
* Infantil Emakumezkoak: UROLA EK, Aritz Jiménez eta Imanol Alberdi.


Lehen asteburuko partidak honela joan dira.

Gipuzkoako lehen mailan, UROLA KE ANTONIO ARANZADIko mutilek Donibane izan dute arerio. Gure taldea pasaitarrak baino gazteagoa izan arren ez da kokildu eta erasoan arin eta azkar jokatuz eta defentsan irmo eta sendo arituz, une oro kontrolpean izan du norgehiagoka. Amaieran 29-24 eta bi lehen puntuak poltsikora.

Jubenil mailako mutilen bi taldeetatik batek bakarrik izan du lehia ofiziala. UROLA EK SUPER BMk 15 eta 25 galdu du Irungo Gaztiak taldearen aurka. Lehen zatia orekatua izan da (11-12) baina jarraipenean irundarren nagusitasun fisikoa erabakiorra izan da eta erraztasunez nagusitu dira.

UROLA EK LAZTIMENDIk berriz, bere norgahiagoka atzeratu beharren izan da, Aloña Mendiko taldeak hala eskatuta. Hori baliatuz Gasteizen lagunarteko bat izan dute. Emaitza kontrakoa izan arren gustora bueltatu dira arabar hiriburutik, lehiak joko-molde berriak probatzeko balio izan bai die.

Kadete mutilak ondo hasi dira maila berrian, Bankoa Elgoibar 29 eta 15 garaitu bai dute. Maila bereko neskak, berriz, debut mingotsa izan dute, Andoainera eginiko bisitan 30 eta 2 galdu bai dute. Aipatu beharrean gaude talde hau aurten sortutakoa dela eta neska hauek hilabete eskas daramatela eskubaloian jokatzen. Beraz, oraingoz, helburu nagusia ikastea eta hazten joatea da. ANIMO NESKAK !!!

Infantil mutilak Gasteizen izan dira, jubenilekin batera. Bertan lagunarteko batzuk jokatu dituzte laster hastea dagoen denboraldia prestatzeko asmotan. Entrenamendu polita egin dute, partidatxo ugari jokatuz, jokalari guztiek parte hartzeko aukera izan dutelarik.