2011-2012 DENBORALDIAREN AZTERKETA
Denboraldia amaitu berritan, beraren azterketa egiteko garaia da. Ondo egindakoaz poztu, garaipenak ospatu eta eginiko akatsak analizatuz berriz ez egiteko asmoa agertu.
Zaharrenei dagokionez, denboraldi hasieran talde bat egiteko hautua egin genuen. Arrazoi desberdinak direla medio, aurreko denboraldietan bezala bi talde egiteko nahiko jokalari ez eta jokatzeko gogoz ziren gazte batzuk lizentziarik gabe geratu beharra izan zuten. Horrela, 2011/12 denboraldia trantsiziozkoa izan da gure talde nagusiarentzat. Jubenil mailatik igoberri ziren jokalariak taldean finkatzea eta datozen denboralditarako lehen taldearen oinarriak jartzea izan da helburu nagusia. Iker Soraluze eta Iñigo Canterok entrenatutako UROLA KE LAZTIkoen denboraldia bi zatitan bana genezake. Ligako lehen erdia bikaina izan da, uste baino hobea, eta amets egiteko beta eman zigun. Bigarrengoan, ordea, lesioak direla, ikasketak direla, taldea murriztu eta emaitzak okerrera egin ahala, denboraldia ahalik eta txukunen amaitzea beste aukerarik ez da izan.
Jubenil mailako UROLA EK AIKER•ACADEMIA ANA taldeko neskak, denboraldi txukuna eginez, beraien helburuak bete dituztela esan genezake. Lehen urtea zuten maila honetan eta, gora behera batzuekin, ongi moldatu dira. Txapelketa guztietan erdi aldean bukatu dute eta une oro aurpegia eman dute. Aipagarria da Jorge Gomez eta Alain Beltzak trebatutako neskak Lloreteko Nazioarteko Torneoan, 17 urtez azpiko mailan, txapelduordeak izan zirela.
Jose Angel Garciak entrenatutako mutilak ere lehen urtea izan dute jubenil mailan eta bere balioa erakutsi dute. Hasiera triste samar egin zuten, baina egoerari buelta eman eta ligan laugarren amaitu dute, partida gogoangarriak eskainiz. Kopan, berriz, hiruko finalerako sailkatu eta azkenean txapeldunorde izan dira. Lloreteko Nazioarteko Torneoan ere bikain aritu ziren UROLA EK ANTONIO ARANZADIko mutilek. Bi talde egin genituen parte hartu ahal izateko, txapeldun eta laugarren postuak lortu zituztelarik, 17 urtez azpiko mailan.
Kadete gizonezkoen mailan, UROLA EK PREMANKeko mutilak denboraldi ona egin dute. Gipuzkoako Txapelketan ez ziren oso fin aritu, baina Forualdundiko Torneoan eta Kopan bikain aritu dira, beraien multzoko txapeldun eta txapeldunorde geratu direlarik, hurrenez hurren. Iker Hernandez eta Jon Mendiak entrenatutakoak ere izan ziren Lloreten, hauek ere 17 urtez azpiko mailan, eta bertan bosgarren postua lortu zuten.
Infantil mailan gizonezkoen bi talde izan ditugu. UROLA EK GOIERRIBUSekoentzat bigarren urtea izan da eta hobekuntza handia nabaritu izan zaie. Ligan erdialdean aritu ondoren, Forualdundiko Txapelketan beraein multzoko txapeldun izan dira, partidarik galdu gabe. Lloreten 15 urtez azpiko mailan aritu ziren eta laugarren postuan amaitu zuten beraien lehen parte hartzean. Alex Hurtado eta Nagore Zabaletaren lana txalogarria izan da.
UROLA EK SUPER BMkoentzat berriz, lehen urtea izan da eta hori nabaria izan da. Helburuak taldea sendotu eta jokoaren oinarriak ikastea zirelarik, Aitor Moranen mutilak zintzo aritu dira.
Aspaldiko partez, aurtengoan, alebin mailako bi talde izan ditugu UROLA ESKUBALOI KLUBean, bata neskena eta bestea mutilena. Hastapenetan izanik, hurrengo urteetarako oinarri sendoak jartzea izan da talde hauen helburua. Lanean serio, gogor eta gogotsu aritu dira eta hori da garratsitzuena. Kimu berriak datozela jakitea pozgarria da eta Klubaren sendotasunaren adierazgarri izateaz gain, etorkizuna ere badagoela erakusten digute.
Eskubaloia taldeko kirola izanik, elkarren arteko ahalegina funtsezkoa da. Hala eta guztiz ere banakotasunak ere izaten dira. Arlo horretan zorionekoak gara denboraldi honetan. Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak Clara Campos eta Imanol Garziandia, beraien mailako goleatzailerik onenak izendatu bai ditu. Imanolek, bere mailako jokalaririk onenaren saria ere jaso zuen Lloreten. Alebin mailan, Jokin Areizaga ohikoa izan da Gipuzkoako Selekzioren deialdietan.
ZORIONAK DENEI, ATSEDEN HARTU ETA DATORREN URTEAN, DENEN KONPROMISOAREKIN, HOBETO.