Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

FESTA ISPILLAN AZKEN JARDUNALDIAN


Denboraldia amaitutzat emateko, alebin emakumezkoen urteko lehen garaipena, lehen taldearen berdinketa eta Kopako txapeldunordetza jubenil gizonezkoentzat.


Ezohiko ordutegian, larunbata goizean, jokatu du gure lehen taldeak denboraldiko azken norgehiagoka. Iker Soraluzeren taldeak hutsuneak zituen eta bigarren urteko jubenilekin osatu behar izan du taldea Eibarko Haritzari aurre egiteko. Partida oso orekatua izan da. Lehen zatian etxekoak kamuts aritu dira erasoan eta bisitariak nagusitu dira. Bigarrengoan, UROLA EK LAZTIkoek suspertu eta markagailuan aurretik jartzea lortu dute. Hala eta guztiz ere, beroak, jokalari faltak eta hauen elkar ulertze ezak akatsak egitea eraman ditu, amaieran hogeita bedertzina berdindu dutelarik.


Larunbata goizean baita ere, UROLA ESKUBALOI KLUBeko alebin neskak 10-9 garaitu zuten Aiala ZKE “A” taldea, denboraldiko lehen garaipena lortuz. Aurreko batean neskak daramaten garaipen bikaina aipatu genuen eta horren lekuko azken jardunaldian lorturiko garaipena hau. Tamalez, denboraldia amaitu dute eta hurrengora arte itxaron beharko dugu gure gaztetxo hauen beste garaipen batez gozatzeko, baina ziur gaude etorriko direla.


Larunbata arratsean, harmailak beteta eta giro ezin hobeagoan, Jubenil Gizonezkoen Gipuzkoako Kopako Hiruko-finala jokatu da Ispillan, Tekniker Eibar Eskubaloia, Ereintza Aguaplast eta UROLA EK ANTONIO ARANZADI taldeen artean.

Lehen norgehiagoka etxekoen eta eibartarren artean izan da. Bi taldeek urduri antzean hasi dira eta lehen gola egitea kosta zaie, horretan bi atezainak zerikusia izan dutelarik. Armaginak izan dira egoerari buelta ematen hobeto asmatu dutenak eta apurka markagailuan aldea lortu dute, gure mutilek asmatu ezinik jarraitzen zuten bitartean. Amaieran 10-19 Eibarkoentzat.

Bigarrengo lehia orekatuago izan da. Errenteriko mutilek gauzak zail jarri dizkie eibartarrei eta une askotan berdindurik izan diren arren, amaieran azken hauek nagusitu dira 16-12, emaitza horrekin Gipuzkoako Kopako Txapeldun bilakatu direlarik.

Hirugarren eta azken zatia garrantzi gutxiko izan da, dena erabakita baitzegoen. Hori baliatuz, bi entrenatzaileak jokalari guztiak kantxaratu dituzte, denei final batean jokatzeko aukera emanez. UROLA EK ANTONIO ARANZADIkoek errenteriarrak baino gehiago asmatu dute eta azkenean 18-15 gailendu dira, bigarren postua eskuratuz.

ZORIONAK denei eskainitako ikuskizunagatik eta bereziki Tekniker Eibar Eskubaloia taldeari.

Aipatzekoa da hau izan daitekela, taldeko entrenatzaile gisa, José Ángelen azken partida, eskubaloiarekin zerikusi duten beste eginkizunetara joateko aukera izan bai dezake, Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidentetzarako hautagai moduan aurkeztuko bai da. MILA ESKER, JOSÉ ÁNGEL !!! Badakigu une oro, laguntzeko prest, gertu izango zaitugula eta ZORTERIK ONENA opa dizugu ibilbide berrirako.

Honekin bukatutzat ematen ditugu 2011/2012 denboraldiko lehiak. Baina lerro hauek bisitatzeari ez utzi, klubeko eta eskubaloiari buruzko berriak argitaratzen jarraituko bai dugu.