Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

DENBORALDIKO LEHEN GARAIPENA NESKENTZAT


Lehen taldea Urnietan irabaziz lidergoan jarraitzen du. Jubenil gizonezkoak bategatik galdu zuten Egiaren aurka eta kadeteek ezin izan zuten Zarauzko Amenabarrekin.


Asteburu luze honetako bi partida ostiralera aurreratuak genituen. Alde batetik, UROLA KE LAZTIkoek Urnietan jokatu eta irabazi zuten. Garaipen berri honi esker lidergoan jarraitzen du gure lehen taldeak.

Lehen zati txarra jokatu arren, atezainaren lanari esker soilik hiru goleko desabantailaz iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatiaren hasieran ez ziren egoera zuzentzeko gai izan eta hamargarren minutuan zazpi golez ziren atzetik. Une horretan defentsa lerroa aurreratu eta etxekoak ez-ustean harrapatzea lortu zuten. Cantero eta Soraluzeren mutilek kontrarerasoak baliatu zituzten markagailuko tartea murrizten joateko. Amaierarako bost minutu falta zirelarik jarri ziren lehen aldiz aurretik eta urnietarrak urduri eta presaka jokatu zituzten azken minutu horiek eta gure mutilek lau goleko aldeaz (25 eta 29) nagusitu ziren azkenean.

Jubenil emakumezkoak ere ostiralean jokatu zuten, hauek Ispillan, eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Ereintza 29 eta 26 menperatuz. Partida orekatua hasi bazen ere, horiak agintzen zuten eta hogeigarren minutuan bost goleko aldea zuten. Errenteriarren susperraldi batek aldeak estutu zituen berriz ere eta atsedenaldira 14 eta 13 iritsi ziren.

Jarraipenean lehia polita ikusteko aukera izan genuen. Tarteka joko polita egin zuten bi taldeek, baina beste une batzuetan urduritasunak eta galtzeko beldurrak jokoa aldrebestu zuen. Biek izan zituzten partida beraien aldera eramateko aukerak, baina UROLA ET AIKER-ACADEMIA ANAko neskek hobeto kudeatu zituzten azken minutuak, ate aurrean eraginkorragoak izan ziren eta bi puntuak poltsikoratu zituzten.

Clara Campos eta Maialen Akizuren lana nabarmentzekoa izan zen. Lehenengoak hamahiru gol lortu zituen eta bigarrenak taldea era egokian gidatzeaz gain sei sartu zituen. Animo neskak, lehen garaipena lortu ondoren besteak errenkadan etorriko dira eta !!!

Larunbat arratsaldean bi partida izan ziren Ispillan. Lehenengoan jubenil gizonezkoak aritu ziren Egiaren aurka eta norgehiagoka, espero bezala, oso berdindua izan zen. Lehen zatian bisitariak izan ziren nagusi markagailuan, naiz eta lortutako tartea ez zen oso handia izan, baina Jose Angelen mutilek, azken ahalegin bati esker, aurretik (15 eta 14) ziren atsedenaldian. Bigarren zatia ildo beretik joan zen, donostiarrak aurretik eta UROLA ET ANTONIO ARANZADIkoak aurpegia emanez, partidan buru-belarri sarturik eta ongi lehiatuz garaipenaren bila. Oraingoan, ordea, ez ziren aurretik jartzeko gai izan, naiz eta azken unean aukerak izan, gutxienez berdinketa lortzeko. Golegile nagusiak Gartziandia, Maniega eta Mujika izan ziren, hiruren artean hogeita bost lortu zituztelarik

Larunbat arratsaldeko bigarren partidan UROLA ET PREMAK eta Zarauzko Amenabar izan genituen nor baino nor eta kostaldekoak izan ziren nagusi. Gure mutilek oso hasiera kaskarra eman zioten eta berehala ziren bost goleko desabantailaz. Lehen zatian nora ezean, zer egin jakin gabe eta galdurik aritu ziren, batez ere erasoan. Apurka, beraien jokoa lekutuz joan ziren eta askoz txukunago eta sendotasun handiagoaz jokatuz bigarren zati orekatuago bat ikusi ahal izan genuen. Amaieran 24 eta 30 bisitarientzat. Bigarren zatiko jarrera eta gogoak dira lehen garaipena eskuratzeko bidea, beraz... ANIMO MUTILAK !!!