Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Lautik lau garaipen bigarren taldeak


Ligako partida guztientan garaile suertatu da.


Duela hamost egun esandakoak errepikatzeko moduan gaude UROLA SUPER BM-ren inguruan. Orduan bi jardunaldi jokatuak ziren eta albiste onak genituen, bada, oraingoan ere, 4 jardunaldiren ostean ordukoak errepika ditzakegu, Iker Hernandez eta Imanol Segurolak zuzendutako mutilak legazpiarrei eta ordiziarrei irabazi ondoren lidergoan jarraitzen baitute.

Hirugarren jardunaldiko frogan Talleres Ondo Legazpiko taldearekin neurtu zituzten indarrak. Jokalari kopuru justuarekin lehiatu behar izan ziren gureak, baina, hala ere, bi puntuak Zumarraga-Urretxurantz ekarri zituzten. Horitxoen egoera ikusita legazpiarrek derbiari erritmoa jartzen saiatuagatik, gure jokalariek ederki eutsi zieten eta bigarren zatian tartea zabaltzea lortu ere bai 27 eta 36ko markagailu nabarmenarekin garaile izan ziren.

Derbian nagusi izan eta gero Ordiziarren txanda izan zen. Partida honetan, zati bakoitzean bi aurpegi, guztiz desberdinak, erakutsi zituen taldeak. Aurrenekoan oso eskas aritu ziren, batez ere defentsan eta atsedenaldirako 14-22 zioen markagailuak. Dena erabakita zegoela zirudien arren, gure jokalariek garaipen gosea zutela argi utziz, beltzetik zurirako aldaketa egin, defentsa gogotik estutu eta irabazteko senari esker markagailuari buelta eman zioten, 32-29 amaieran.

Aipatzekoa da horitxoek ez zituztela besoak jaitsi eta aurkako markagailuari aurre egiteko gai izan zirela bigarren zatian zazpi gol soilik jasoz. Hala ere, lehen zatian egindako joko txarra hobetu beharra dute hurrengorako, bestela zail izango dute sailkapenaren lehen postuari eustea.