Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

BIGARREN LURRALDEKOAN LIDER


Lehen bi jardunaldietan alde txikienagatik irabazi dute.


Senior mailako bigarren taldeak, UROLA KE SUPER BMk, era onean hasi du lurraldeko bigarren mailako liga txapelketa. Taldea osatzerako garaian jokalari kopuruagatik justu samar ibili badira ere, hainbat lehen taldea osatzeko erabili baitira, gaur arte jokatutako bi partidetan garaile suertatu dira.

Lehen jardunaldian, urriaren 3an, Donostia aldera joan ziren Groseko Cocinas Gros taldearekin indarrak neurtzeko. Imanol Segurolak zuzendutako mutilek partida polita jokatu zuten, intentsitatea eta tentsioa uneoro mantenduz. Denboraldi hasieretan ohikoa denez, jokaldiak burutzerakoan eta defentsan akats batzuk izanagatik markagailuan aurretik izen ziren beti, alde txikiagatik ordea. Azken minutuetan, etxeko taldeak presio handiagoa egin zuen eta, larri-larri bada ere, bi puntuak Zumarraga-Urretxurantz ekarri zituzten. Azken emaitza 25-26.

Pasa den asteburuan Donibaneko arrosak etorri ziran Ispillara. Oraingo honetan gure taldeak zortzi jokalari bakarrik zituen erabilgarri, lehen taldeak ere egun berean baitzuen bere partida. Lehen zatian, indarrak paretsu zeudenean, horitxoek gehiago zirela erakutsi eta atsedenaldirako lau goleko aldea lortu zuten. Bigarrena, ostera, luze egin zen. Bisitariak freskoago zeudenez, aldeak murriztuz joan ziren aurretik jartzeraino. Baina orduan, gure mutilek indarrak batu eta azken segundo estu baino estuagoetan gol bateko aldea lortu zuten, 25-24, bi puntuak etxean gelditu zirelarik.

Denboraldi hasiera polita egin dute bitik bi irabazita, eta, ondorioz sailkapeneko buru dira 4 punturekin. Ahal dela, alde gehiagorekin irabazten saiatu beharko dute hurrengo norgehiagoketan azken minutuetara horren larri ez heltzeko. Datorren asteburuan, bolada onari jarraipena emateko, Legazpiarrei derbia irabaztea baino hobeagorik ez.

Emaitzak eta sailkapenak: